Ekonomia -
Kalifikazio agentzia
Fitch: 'Greziaren erreskate egitasmoa ez ordaintzea da'
Banku pribatuen parte-hartzea dela-eta ez ordaintzearen kalifikazioa ezartzea erabaki du Fitch agentziak.
Erredakzioa
Greziako Gobernuaren bonuei "ez ordaintzearen" kalifikazioa ezarri die Fitch agentziak. Greziaren bigarren erreskatea abian jartzeko sektore pribatuaren parte-hartzea adostu zuten atzo euroguneko buruzagiek.
Horrela, banku pribatuen parte-hartzea dela-eta ez ordaintzearen kalifikazioa ezartzea erabaki du gaur Fitch agentziak, baina Greziak bankuen bonu berriak igortzen dituenean kalifikazioa aldatzea posible dela erantsi du.
"Grezia laguntzeko finantza-programa berrian sektore pribatuak esku hartzea ez ordaintze egoera da, Fitchen arabera. Hala ere, interes-tasen murrizketa eta maileguen luzapena kaudimena berriro izateko aukera eman diezaiokete Greziari, nahiz eta erronka handiei aurre egin behar izan", David Riley Fitcheko zorraren zuzendariak gaur azaldu duenez.
Zorra trukatzeko proposamenarekin "bankuek eta Greziako zorraren gainerako inbertitzaileek % 20 galduko dute", agentziaren esanetan. Bonu berriak inbertitzaileentzako "okerragoak" direla salatu du Fitchek (errentagarritasunagatik eta maileguen luzapenagatik).