Ekonomia -
EAEko zerga sistema
Europak gaur erabakiko du 'opor fiskal txikiak' legezkoak izan ziren
Europako auzitegi nagusiak iragan ekainean opor fiskalen aurreneko neurria legez kanpokoa zela erabaki zuen. Orain, gainerako bien inguruko erabakia hartu beharko du.
Erredakzioa
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak gaur erabakiko du ''opor fiskal''en azken neurriak, hots, ''opor fiskal txikiak'' deritzonak, legez kanpokoak edo legezkoak izan ziren. Opor fiskalak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aldundiek 90eko hamarkadan sortu ziren enpresei emandako laguntza sorta batzuk dira.
Europako auzitegi nagusiak iragan ekainean opor fiskalen aurreneko neurria legez kanpokoa zela erabaki zuen. Orain, gainerako bien inguruko erabakia hartu beharko du. Europar Batzordeak auzitegiari exijitu dio Espainiari isuna ezartzea.
Epaia kontrakoa bada, Foru Aldundiei Europar Batzordeak eskatutako isuna jarriko zaien ala ez erabakitzea baino ez da geratuko auzia amaitzeko. Opor fiskalen auzia 1994. urtean iritsi zen Bruselara. 2001. urtean legez kanpoko laguntzak izan zirela erabaki zuen Europar Batzordeak, eta Espainiari bertan behera uzteko eta laguntzak bueltatzeko eskaera egin zion.
1993an, Jose Antonio Ardanza lehendakariak akordioa lotu zuen Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako aldundiekin. Akordio horren arabera, 1993 eta 1994 artean EAEn sortzen ziren enpresei elkarteen gaineko zerga ez ordaintzeko baimena ematen zieten hamar urterako, eta horregatik esaten da ''opor fiskalak'' izan zirela.
Nafarroan ere antzeko zerga-salbuespen bat ezarri zuten.
Baldintza bakarra enpresa horiek gutxienez 480.810 euro inbertitu eta 10 lanpostu sortu behar zituztela zen.