Ekonomia -

EAEko zerga sistema

'Opor fiskalak' legez kanpokoak direla berretsi du Luxenburgok

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak atzera bota du EAEko aldundiek aurkeztutako helegitea, eta baieztatu egin du laguntzak merkatu bateratuaren aurkakoak direla.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak berretsi egin du gaur euskal ''opor fiskalak'' hots, 90eko hamarkadan Euskadin enpresa berriei emandako laguntzak, legez kanpokoak direla.

Erabaki honen aurka ezin da inolako helegiterik jarri, eta, beraz, behin betikoa da.

Epaia opor fiskalen baitan zeuden hiru neurrietako bati buruzkoa da, hau da, elkarteen gaineko zergaren murrizketari dagokiona. Beste bi neurriei buruzko epaiak oraindik eman gabe daude.

Orain, beste bi neurrien (aktibo finkoetan egindako inbertsioetan zerga kredituaren % 45 eta 1995ean ezarritako sozietateen gaineko zergaren murrizketa) epaiak publiko egin arte itxaron beharra dago, Espainiari zigorrik ezarriko dioten jakiteko.

Isun polemikoa

Epaia eskuan, Europako Batzordeak Espainiari isun handia ezartzea eskatu du jada, laguntzak ez berreskuratzea egotzita.

Dena dela, gaia oso polemikoa da, foru aldundiek esan baitute aspaldi itzuli zituztela.

Azkenean isuna jartzen badiote, 50 milioi euro ingurukoa izango da.

Aldundien iritzian, epaiak ez du eraginik

EAEko hiru aldundiek adierazi dute epaiak ez duela "ondorio praktikorik", enpresek itzuli egin baitzituzten laguntzak. Europako Batzordeak, baina, aurkakoa uste du.

Aldundien esanetan, Europako Batzordearen erabakia guztiz bete zuten, eta diru-laguntzak eta horien interesak dagoeneko berreskuratu dituzte.

Bere aldetik, Errioxako Gobernuak "poza" agertu du Luxenburgoren erabakiarekin (erkidego horretako Gobernuak eraman zituen Europako Auzitegira "opor fiskalak").

Lehendakariaren salaketa

Patxi Lopez lehendakariak kritikatu du EAEko foru aldundiek 1990ko hamarkadan enpresen inbertsioa sustatzeko pizgarri ekonomikoak eman izana, europar araudia alde batera utzi zutelako eta Europako Batzordeari laguntza horien berri eman ez ziotelako.

Confebasken adierazpenak

Confebaskek epaia ''enpresentzako bidegabea dela'' iritzi dio. Patronalaren ustez epaiak ez du "zilegitasunezko konfiantza printzipioa errespetatzen" eta "ulertezina" deritzo enpresak auziaren "biktima" izatea.

Jauregui

Laguntzak pixkanaka itzuli ahal izatea eskatu dio EBri Ramon Jaureguik. Ministroaren ahotan, bere garaian "fede onez eta asmo onarekin" eman ziren laguntza horiek, horregatik egoera "ulertzeko" eskatu dio Europar Batasunari.

Brusela

Laguntzak berreskuratzeko eskatu die Bruselak EAEko agintariei. "Epaiak baieztatu egin du Batzordeak duela 10 urte erabakitakoa, hau da, ''opor fiskalak'' legez kanpokoak zirela, eta horrekin gustura gaude", esan du Europako Lehiakortasun bozeramaileak.

Zer dira ''opor fiskalak''?

Opor fiskalak 1995 eta 2000 urteen artean EAEko enpresa berriei emandako diru-laguntzak izan ziren.

Orotara 300 enpresari eman zizkieten, elkarteen gaineko zerga murriztuz eta beste laguntza batzuk eskainiz, EAEn koka zitezen. Helburua lurraldean enpresa berriak ezartzea zen.

2009 urtean, lehen auzialdiko Europar Auzitegiak legez kanpokotzat jo zituen eta laguntzak itzultzea agindu zuen, baina aldundiek helegitea aurkeztu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea