Ekonomia -

Bilera Madrilen

Erkidegoen zorraren erdia finantzatuko du KOIk

2008ko eta 2009ko kontuen likidazioan erkidegoek pilatutako zorraren erdia finantzatuko du Kreditu Ofizialeko Institutuak. Guztira, zorra 24.000 milioi eurokoa da.

Zerga eta Finantza Politikaren Kontseilua bildu da Madrilen

01:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2008ko eta 2009ko kontuen likidazioan erkidegoek pilatutako zorraren erdia finantzatuko du Kreditu Ofizialeko Institutuak (KOI), Pilar del Olmo Gaztela eta Leongo Ekonomia kontseilariak gaur jakitera eman duenez. Guztira, zorra 24.000 milioi eurokoa da.

Zerga Politikaren Kontseiluak egindako atsedenaldi batean, Gobernuak aurkeztutako gastu arauaren bozketan PPk gobernatutako erkidegoak abstenitu direla jakinarazi du Gaztela eta Leongo kontseilariak. Proposamena "erabat ezberdina" eta generikoa izan dela azaldu du Del Olmok.

Del Olmo PPko erkidegoen bozeramaile bilakatu da gaur. Gaurdaino Gobernuak 2012ko Aurrekontu Orokorretan erkidegoak finantzatzeko transferentziak ez dituela zehaztu argudiatu du kontseilariak.

2008ko eta 2009ko likidazio negatiboagatik erkidegoek zor dutena 10 urte atzeratzea ez du onartzen Gobernuak, Del Olmok azaldu duenez.

Egonkortasun helburua Gobernuak, Kataluniak eta Andaluziak soilik babestu dutela goraipatu du Del Olmok. Hala ere, zorraren ordainketaren "arazoa ez" duela "konpontzen" azaldu du kontseilariak.

Gastu arau bat

Bestalde, sei hilabeteren buruan gastu arau bat parlamentuetan planteatzeko konpromisoa hartu dute erkidegoek aho batez. Gastu arau hori Estatuarentzako eta entitate lokalentzako dagoeneko onartutakoarekin "koherentea" izan behar da.

Gaur egindako bilera "probetxugarria eta osoa" izan dela esan du Elena Salgado Ekonomia ministroak. Erkidegoetako Ekonomia kontseilariekin egindako bilerak lau orduko iraupena izan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea