Ekonomia -

Zorraren krisia

AEBetako Beheko Ganberak ezezkoa eman dio demokraten planari

Aurretik iragarri bezala, errepublikarren gehiengoak 'ez' esan dio Harry Reidek egindako planari. Plan hori Senatuan ere bozkatuko dute igande honetan.

Boehner republikanoa prentsaurrekoa ematera bidean. Irudia: EFE
Boehner republikanoa prentsaurrekoa ematera bidean. Irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako Ordezkarien Ganberak ezezkoa eman dio demokratek zorraren muga handitzeko aurkeztutako planari, Senatuak errepublikarren planarekin gauza bera egin eta 24 ordura.

Beheko Ganberako bilkurako gehiengoa errepublikarrek dute eta egindako bozketan 246 ordezkarik planaren kontra bozkatu du. 173k, aldiz, aldeko botoa eman du. Gertatutakoa errepublikarrek eta demokratek zorraren muga handitzea adosteko dituzten arazoen beste kapitulu bat da. Akordiorik lortu ezean, asteartean AEBek ez dute ordainketak egiteko dirurik izango.

Herrialdeak bere ordainketak etetea galarazteko negoziazioei larunbat honetan berriro heldu diete, Senatuak Beheko Ganberan onartutako planari ezezkoa eman eta ordu gutxira.

Ganbera horretako gehiengo errepublikarrak Kongresuan egoerari buelta eman eta Reiden plana baztertuko zutela iragarri zuten. Plan hori Senatuan ere bozkatuko dute igandean (05:00 GMT).

Planean egindako aldaketak

Reidek hainbat aldaketa egin zituen bere planean Mitch McConnell Senatuko gutxiengo errepublikarraren liderrak bultzatuko hainbat elementu sartuta: zorraren handitzea bi urratsetan egitea eta hurrengo hamarkadan defizita 2,4 bilioi dolarretan murriztea.

Hala ere, planak ez zuen ezer aurreikusten Kongresuak defizita behar adina murriztea lortzen ez badu eta gabezia hori izan da, hain zuzen, errepublikar askok planaren kontra bozkatzeko erabilitako arrazoi nagusia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea