Itxi

2020/03/30

12:39

Ekonomia

Koronabirusa

Bexen Medical enpresa gipuzkoarrak 10 milioi maskara ekoitziko ditu hilean

Agentziak | Erredakzioa

Une honetan, Mondragon Assembly, Modragon Korporazioko beste enpresa bat, maskarak ekoizteko lau makina egiten ari da, horietako hiru Bexen Medicalentzat.

  • Emakume bat, maskara bat jartzen, koronabirusaren aurrean babesteko.

    Emakume bat, maskara bat jartzen, koronabirusaren aurrean babesteko. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Apiriletik aurrera hilero 10 milioi maskara kirurgiko ekoiztea aurreikusi du Mondragon Korporazioko kide den Bexen Medical kooperatiba gipuzkoarrak. Horrela, Hernanin egoitza duen konpainia hori Estatuko maskara-fabrikarik garrantzitsuena izango da.

Carlos Arsuaga Bexen Medicaleko zuzendari nagusiak azaldu duenez, enpresak erabilera bakarreko osasun arloko hainbat produktu ekoizten ditu, baina ez maskarak. Dena dela, sektorean 42tik gorako esperientzia dutenez, martxoaren 13an Medikamentuen Espainiako Agentziako zuzendari nagusia harremanetan jarri zen berarekin, maskarak, mantalak eta babes sanitarioko gainerako materiala ekoitzi ote zezaketen galdetzeko.

Testuinguru horretan, ordea, Bexen Medicalek ez dituela horrelako produktuak ekoizten azaldu zion Arsuagak, baina fabrikatzaile gisa enpresak duen esperientzia bere esku uzteko prest agertu zen, eta jakinarazi zion Mondragon Korporazioko beste enpresa batek, Mondragon Assemblyk (egoitza Aretxabaletan du), maskarak ekoizteko makinak egiten dituela Txinan.

Alabaina, Txinako produktuak merkatuan erosteko egun dauden zailtasunen berri eman zion Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak Bexen Medicaleko arduradunari, eta estrategikoki maskarak estatuan bertan ekoizteko beharra dutela.

Hilaren 21ean Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu ostean, maskarak ekoizteko lau makina egiten ari da Mondragon Assembly; bat Defentsa Ministerioarentzat, eta beste hirurak Bexen Medicalentzat, enpresa hernaniarrak maskarak egin ditzan.

Arsuagak adierazi duenez, 2R motako maskara kirurgikoak ekoitziko dituzte. Horiek hiru geruza dituzte, eta osasun arloan erabili ohi diren maskara kirurgikoen artean babes handiena dutenak dira. Hala ere, maskarak osatzen dituzten hiru lehengaietako bat aurkitzea "oso zaila" izaten ari dela aitortu du.

"Errusian hornitzaileak daude, baina Errusiako agintariek ez dute lehengai hori herrialdetik ateratzeko baimenik ematen, haiek behar dutenerako. Turkian eta Txinan ere hornitzaileak daude, baina, nolanahi ere, gertatzen ari den guztiarekin gainezka eginda daude", esan du Arsuagak.

Zailtasunak zailtasun, makinak Euskal Herrira ekarri eta beharrezko lehengaiak lortzeko lanean jarraitzen dutela azaldu du Arsuagak. "Dena ondo badoa, ziurrenik apirilaren amaieran maskara kirurgikoak ekoizten has gaitezke, eta, dena ondo badoa, hilean 10 milioi inguru ekoitzi ahalko ditugu, hiruzpalau txandatan lan eginez. Horrela, Estatuko maskara-fabrikatzaile garrantzitsuena izango gara", gaineratu du.

Hala, lantokia egokitzen dutenean, ahalik eta denbora gutxienean, ahalik eta maskara gehien ekoiztea da Bexen Medicalen helburua. Hori dela eta, aldi berean hiru makinekin izango dira lanean, eta hogei lanpostu inguru sortzea aurreikusten dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;