Gizartea -

Koronabirusa

Euskadik 406.155 maskara jaso ditu Osasun Ministerioaren partetik

Guztira, Ministerioak 7,4 milioi maskara baino gehiago eman dizkie autonomia-erkidegoei.

Euskadik 406.155 maskara jaso ditu. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Euskadik 406.155 maskara jaso ditu
Euskadik 406.155 maskara jaso ditu. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik 406.155 maskara jaso ditu martxoaren 10etik Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioaren partetik, koronabirusaren pandemian osasun-langileak babesteko abiatutako neurrien testuinguruan. Guztira, Espainiako Osasun Ministerioak 7.473.708 maskara eman dizkie autonomia-erkidegoei.

Salvador Illak zuzentzen duen Ministerioak emandako datuen arabera, orain arte, Madrilek, Kataluniak eta Andaluziak jaso dituzte gainerako autonomia-erkidegoek baino maskara gehiago; hain zuzen ere, 2.207.468, 957.633 eta 846.474 maskara eman dizkiete, hurrenez hurren.

Gainera, osasun-materiala erosteko duela egun batzuk Txinarekin abiatutako erosketa-eragiketetan 578 milioi euro erabili ditu Espainiako Gobernuak, itxitako kontratuen balioari erreparatuta, Illak gobernu-bileraren osteko prentsaurrekoan zehaztu duenez.

Azken erosketetan, 100 milioi maskara kirurgiko eskuratu dituzte, gaixoak babesteko, 3,5 milioi maskara FFP2 eta FFP3, osasun-profesionalak babesteko, nitrilozko 100 milioi eskularru, eta 260.000 ontzi soluzio hidro-alkoholikoetarako.

Guztira, 659 maskara kirurgiko erosi ditu Espainiako Gobernuak osasun-zentroetako gaixoentzat, eta 30,3 milioi maskara FFP2 eta FFP3 osasun-profesionalek segurtasun handiagoarekin lan egin ahal izan dezaten.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE Espainiako Gobernua Espainia albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Koronabirusa olatu berria Maskarak covid-19