Ekonomia -
KORONABIRUSA
Hainbat elkartek kanpaina bat abiatu dute etxeko zaintzaile eta langileei laguntzeko
Etxeko langileek eta zaintzaileek ez dute "txaloak bakarrik" behar, "premiazko neurriak" baizik, "hilabete amaierari aurre egin behar baitiote".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko eta Gipuzkoako emakume migranteen hainbat kolektibok, Feministas por Nicaragua - Euskal Herria, Mujeres con Voz, Mujeres Tejiendo Red eta Trabajadoras No Domesticadas elkarteek, Calala fundazioarekin batera, finantziazio kolektiboko kanpaina bat abiatu dute, etxeko langileei eta zaintzaileei "koronabirusaren krisiari aurre egiten laguntzeko".
Ohar baten bidez azaldu dutenez, etxeko langileek eta zaintzaileek ez dute "txaloak bakarrik" behar, "premiazko neurriak" baizik, "hilabete amaierari aurre egin behar baitiote". Horregatik, COVID-19a dela eta lanik ez duten etxeko langileei laguntzeko crowfunding kanpaina abiatu dute.
Horien esanetan, "behin betiko kaleratzeak, kontratuak bertan behera uztea, baldintzak arbitrarioki aldatzea edo langileak kontratatzailearen etxean kutsatzeko beldurragatik geratzeko eskatzea dira etxeko langileek eta zaintzaileek krisi eta kaos testuinguru honetan pairatzen dituzten arazoetako batzuk".
Gainera, langile horiek "ez dute langabeziarako eskubiderik", eta horrek "are gehiago larriagotzen du egoera", erantsi dute. Hori dela eta, aipatu elkarte horiek 13.000 euro bildu nahi dituzte, koronabirusaren krisia dela eta diru-sarrerarik gabe geratu diren 65 etxeko langile eta zaintzaileei 200 euroko bonua emateko. Elkarteek galdeketa bat egingo dute babesgabetasun egoeran dauden pertsonak identifikatu eta bereziki horiei laguntzeko.
Horretarako, laguntza behar dutela azpimarratu dute, eta kanpainarekin bat egiteko eskatu diete herritarrei.