Ekonomia -

KORONABIRUSA

153.000 langileri baino gehiagori eragiten diete aldi baterako lan-erregulazioek EAEn

Bizkaian aurkeztu dira lan-erregulazio gehien, 11.650 guztira, eta 72.925 langileri eragiten die.

Enpresa bateko langile bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Enpresa bateko langile bat
Enpresa bateko langile bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aldi baterako lan-erregulazio batek EAEn eragindako langileen kopuruak gora egin du berriro, eta 153.262 langile izatera iritsi da ostiral honetan, atzo baino ia 5.000 gehiago, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak emandako datuen arabera.

Koronabirusaren pandemia geldiarazteko alarma-egoera hasi zenetik gertatu den bezala, enpresek Eusko Jaurlaritzan aurkeztutako espedienteen kopuruak gora egin du: gaur egn 22.379 dira, eta atzo, berriz, 21.734.

Lurraldeka, Bizkaian aurkeztu dira lan-erregulazio gehien, 11.650 guztira, eta 72.925 langileri eragiten diete. Ondoren, Gipuzkoa dago, 7.536 espediente eta 48.601 langilerekin; eta Araba, 3.193 lan-erregulazio eta 31.736 langilerekin.

ELA sindikatuko Manu Robles-Arangiz Fundazioak egindako ikerketa baten arabera, horrelako espedienteek osasun-krisia hasi zenetik atzo arte (apirilak 2) izandako bilakaerari dagokionez, EAEn aurkeztutako espedienteen % 92 jarduera eteteagatik izan da, eta, % 7,9 jarduera murrizteagatik.

Horiek justifikatzeko arrazoi nagusia "ezinbesteko arrazoia" izan da kasuen % 96,5ean, eta "ekoizpen arrazoiak" argudiatu dituzte kasuen % 2,7an.

Lan-erregulazioko espediente baten eraginpean dauden langileen % 83k jarduera eteteko espedientea du, % 16,6k jarduera murriztekoa, % 92k ezinbesteko arrazoiengatik, eta % 7k ekoizpen-arrazoiengatik.

Martxoaren 23an aurkeztu ziren lan-erregulazio gehien Euskal Autonomia Erkidegoan, 3.763, eta 22.443 langileri eragin zieten. Martxoaren 30etik aurrera, aurkeztutako espedienteen eta eragindako langileen kopuruak behera egin du, azterlan horren arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Langabezia Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuen azken ordukoa Koronabirusa