Ekonomia -

Koronabirusa COVID-19

Funtsezko langileen osasuna babesteko baliabideak eskatu ditu LABek

Kutsatuen % 18 osasun arloko langileak dira, ondorioz, "langile guztien osasuna lehentasun bihurtzeko" eskatu dio sindikatuak Eusko Jaurlaritzari.

Basurtuko Ospitaleko langileak. Argazkia: EFE
Basurtuko Ospitaleko langileak
Basurtuko Ospitaleko langileak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Funtsezko zerbitzuetan diharduten beharginen osasuna bermatzeko baliabideak eskatu dizkio LAB sindikatuak Eusko Jaurlaritzari, osasun pribatuko langile bat koronabirusagatik hil ostean.

Osasun arloko langileen artean izandako bigarren heriotz hori deitoratu du LABek. Izan ere, martxoaren 19an Osakidetzako erizain bat hil zen, koronabirusak ere jota.

LAB sindikatuak gogoratu duenez, "urte hasieratik, 21 langile hil dira lanean Hego Euskal Herrian, eta beste bik desagertuta jarraitzen dute 57 egunen ondoren Zaldibarko zabortegian".

Hil berriko osasun arloko profesionalaren familiari eta lankideei doluminak eta elkartasuna adierazi dizkie LABek eta, ondorioztatu duenez, "pandemia egoera honetan argi geratu da langileen osasuna ez dagoela bermatuta".

COVID-19 birusagatik kutsatutakoen % 18 osasun arloko langileak dira, eta osasun pribatukoak zehazki "babes neurririk gabe ari dira lanean, ondorioz, erabiltzaileak ere arriskuan daude".

LAB sindikatuak adierazi duenez, "asteak daramatzagu egoera larri hau salatzen", eta langile guztien osasuna babestea "lehentasuna" izan behar dela ohartarazi dio Eusko Jaurlaritzari. Hori dela eta, "funtsezko zerbitzuetan diharduten langileei euren osasuna babesteko ezinbestekoak diren baliabide teknikoak eta materialak emateko" eskatu du sindikatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LAB Lana Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sindikatuak Koronabirusa