Ekonomia -

Nahasmena merkatuetan

Bruselak esan du aldaketak aste batzuk barru egongo direla prest

Gobernuen ekintzak bateratu behar direla adostu dute Zapaterok eta Sarkozyk. Arrisku-saria beheranzko joera hartu eta aste osoko mailarik baxuenean itxi du jardunaldia.

Sarkozy, Zapatero eta Merkel, artxiboko argazki batean.
Sarkozy, Zapatero eta Merkel, artxiboko argazki batean.
Italiako arrisku-sariak Espainiakoa gainditu du lehenengoz

00:58

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olli Rehn Ekonomia eta Diru Arazoetarako komisarioak lasaitasun mezu bat helarazi nahi izan die merkatuei, esanez erreskate funtsa europarrak behar dituen aldaketak bigarren merkatuen zorrak erosteko eta egoera larrian dauden herrialdeei maileguak emateko "aste" batzuk barru eta "ez hilabete" batuk barru prest egongo direla.

Rehnen esanetan, "ezinezkoa" litzateke euroaren inguruko goi bilera egin eta biharamunean akordio bat prest izatea, prozesu hauek bete behar direlako. "Salneurri onargarria da demokrazian", esan du ironiaz.

"Aste, eta ez hilabete, batzuk barru", nabarmendu du komisarioak, hiriburuei euren zeregina zein den gogoratu ostean, akordioa berresteko prozesua azkartu dezaten. "Espero dut euroguneko herrialde guztiek eurengandik espero dena egitea, eurengandik bete eta ezarri behar dutena egitea", esan du.

Espainiak eta Italiak ez dute euroguneko laguntzarik beharko; izan ere, eskatutako neurriak abian jarri dituzte eta "ez litzateke bidezkoa" izango, Olli Rehn Ekonomia komisarioak jakinarazi duenez.

"Ez dut uste Espainiak eta Italiak programa berezia beharko dutenik, beren ekonomien oinarriek eskatzen ez dutelako", esan du Rehn prentsaurrekoan. Ildo horretan, herri bi horiek politika fiskalaren harira bete beharreko helburuak lortzear daudela esan du.

Hala ere, Espainiako kasuan, "sendo" lan egiten jarraitzeko eta sistema finantzarioaren berregituraketa amaitzeko beharrak azpimarratu ditu Rehnek. Halaber, Espainiak lan-merkatuan egin beharreko erreformak bukatu behar dituela esan du.

Ildo horretan, Espainiaren eta Italiaren zorraren gaineko presioa "ulertezina" dela esan du Rehnek. Hala ere, neurri gehiago hartu behar dituela ohartarazi dio Espainiari.

Arrisku saria

Arrisku-saria, goizean 417,6 puntuak lortu dituela, beheranzko joera hartu eta aste osoko mailarik baxuenean itxi du jardunaldia.

Jaitsiera hori posible izan da Espainiako bonoa % 6,053ra jaitsi delako, atzokoaren % 6,284ren aldean; Alemaniakoa, halaber, % 2,345tan bukatu du, osteguneko % 2,300en ostean.

Gauzak horrela, Espainiako zor publikoaren etekina inbertitrzaileek Italiako bonei eskatzen dietena baina baxuago geratu da. Italiarrek % 6,081ean bukatu dute jardunaldia, hori dela eta, arrisku saria %373,6 puntutan geratu da.

Sarkozy-Zapatero

Jose Luis Rodríguez Zapatero Gobernuaren presidenteak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak elkarrekin hitz egin dute eta gobernuak elkarlanean aritu eta ekintzak bateratzea -ikuspuntu orokor batekin- adostu dute, munduko ekonomiaren inguruko beldurren ostean.

Moncloak ohar baten bidez esan duenez, Zapatero Silvio Berlusconi Italiako presidentearekin eta Frantziako presidentearekin ere izan da berbetan , finantza krisia eta merkatuaren egoeraz hitz egiteko.

Elkarrizketan, Zapatero eta Sarkozy aurreko uztailaren 21ean eurotaldeak adostutako akordioak ezartzea ezinbestekoa dela esan dute eta eurogunearen egonkortasuna mantentzen jarraituko dutela berretsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea