Ekonomia -

ERRENTA AITORPENA

2019ko errenta kanpaina maiatzaren 6an hasiko da Nafarroan

Ogasunak ez ditu proposamenak posta bidez bidaliko, eta izapideak baliabide elektroniko eta telefonikoen bidez gauzatzea bultzatzen ari da.

Errenta kanpainia maiatzaren 6an hasiko da Nafarroan, baina ez dakite noiz amaituko den. EiTB.
Errenta kanpainia maiatzaren 6an hasiko da Nafarroan, baina ez dakite noiz amaituko den
Errenta kanpainia maiatzaren 6an hasiko da Nafarroan, baina ez dakite noiz amaituko den. EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Errentaren eta Ondarearen hurrengo kanpaina, 2019. urteari dagokiona, maiatzaren 6an hasiko da, baina aurten, koronabirusa dela eta, proposamenak ez dira posta bidez bidaliko; beraz, aitorpenak aurkezteko Internet erabiltzea gomendatu dute.

Javier Remirez Gobernuko bozeramaileak prentsaurrekoan adierazi duenez, COVID-19ak eragindako atzerapenak "eragin hautemanezina" izango du, eta "ez die Foru Administrazioaren baliabideei eragingo".

Gainera, kanpaina maiatzaren 6an hasiko den arren, ez da zehaztu errenta-aitorpenak aurrez aurre egiteko zerbitzua noiz hasi eta noiz amaituko den, pandemiaren bilakaeraren eta herritarren mugimendu-murrizketen arabera hartuko baitira erabakiak.

"Beraz, lasaitasuna" gomendatu du Remirezek. "Likidazioak aurrez aurre egitea posible denean, egingo dira, eta denbora nahikoa egongo da. Bide telematikoz egitea gomendatzen dugu, eta, horretarako, Ogasunak gaitasuna bermatuko du", adierazi du.

Foru Gobernuak jakinarazi duenez, maiatzaren 6tik aurrera zergadunek www.hacienda.navarra.es webgunean kontsultatu ahal izango dituzte Nafarroako Foru Ogasunak landutako proposamenak, eta Internet bidez aitorpenak aurkezteko epea ere hasiko da.

Egun horretan bertan, maiatzaren 6an, telefono bidezko arreta zerbitzua jarriko da martxan, eta webgunetik beste tramite batzuk ere egin ahal izango dira, hala nola sarbidea bermatzen duen PINa lortzea. Era berean, datu fiskalak eta aurkeztutako aitorpenak kontsultatu ahal izango dira.

Bestalde, zergadunei egindako itzulketak maiatzaren 11n hasiko dira.

Aurreko urteetan ez bezala, eta COVID-19aren salbuespenezko egoeraren ondorioz, Ogasunak ez ditu proposamenak postaz bidaliko, eta ahaleginak egingo ditu izapideak zein laguntza pertsonala baliabide elektronikoen eta telefonikoen bidez egiten.

Halaber, itzulketa jasotzeko eskubidea duten zergadunei ordainketak "azkar" egiteko konpromisoa azpimarratu du. Era berean, Ogasunak herritarren "elkartasun fiskala" eskatu du, beren zerga-betebeharrak borondatez betetzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Errenta aitorpena Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Gastu publikoa