Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
ELA: "Eszeptikoak gara elkarrizketa mahaiarekin, Jaurlaritzak ez gaitu entzuten"
ELA sindikatuaren idazkari nagusiak kritikatu du Urkulluk "patronalari bakarrik" entzun diola, eta bere "politikak berrikusi" egin beharko direla iritzi dio.
Radio Euskadi
Mitxel Lakuntza ELA sindikatuaren idazkari nagusiak uste du egoera honek agerian uzten duela elkarrizketaren beharra, baina "eszeptiko" agertu da eragile politiko eta sozialen balizko mahaiaren inguruan: "Jaurlaritzak mahaiari buruz duen iritziaren inguruan, eta emango lukeenaz". Gaur gaurkoz "ez dago adostasunik", aitortu du. Arazo Nagusietako bat da, Lakuntzaren arabera, gobernuak "ez gaituela entzuten".
Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, krisia pasatzen denean Urkulluren gobernuak aurrera eraman dituen politikak "berrikusi" beharko dira: "Zuhurtzia politika neoliberala oso agerian geratu da. Eusko Jaurlaritzaren zein politika berrikusi behar dute?". "Lehentasunak ezartzerako garaian" akats asko egin izana leporatzen die, "komunitate zientifikoari entzun gabe, patronalari bakarrik entzutea", besteak beste. Horregatik, zaila ikusten du akordioak lortzea; izan ere, Lakuntzak salatu du ez dutela deseskalatzerako egin duten proposamena entzun ere egin, bi fasetan banatzen den proposamena: "Baliabideak handi ditzatela ikuskaritzan eta Osalanen, eta lan segurtasunaren konpromisoa betetzen ez duten enpresak gelditzea".
Lakuntzak bestelako zaintza eredu berri baten alde egin eta erresidentzien kudeaketa kritikatu du, bereziki Bizkaiko Aldundiaren kasuan, ez baititu zentroetako heriotzen datuak gaurkotzen. Buruzagi sindikalaren hitzetan, "krisi honek oso eztabaida interesgarria ireki du oinarrizko lanen inguruan. Lan prekarizatuenak eta feminizatuenak direla ikusi da. Prekarietate hori amaitu beharra dago".
Azkenik, maiatzaren 1ean modu desberdin batean parte hartzeko deia egin du: "Mugekin bada ere, publikotasuna eta oinarrizko sektoreen prekarietatearen amaiera aldarrikatzeko aukera izango da. Urtarrilaren 30ean greba orokorra egitetik gatoz".
(Radio Euskadiren albistea, eitb.eus-en erredakzioan euskaratua)