Ekonomia -
Koronabirusa
Espainiako Gobernuak maskarei jarritako prezioa farmaziek ordaindutakoaren erdia da
Horregatik, farmazialariak Espainiako Gobernuaren neurria Aldizkari Ofizialean argitaratzeko zain daude, nola jokatu jakiteko.
agentziak | erredakzioa
Sonia Saez de Buruaga Espainiako farmazien elkarteak EAEn duen ordezkariak ohartarazi du farmazialariek ezin dutela onartu maskara kirurgikoak 0,96 euroan saltzea, Espainiako Gobernuak ezarritako prezioan, erosi dituzten azken maskarak prezio bikoitzean ordaindu zituztelako.
Europa Press-en egin dioten elkarrizketa batean, gogorarazi du farmazialariek alarma egoera ezarri zenetik eskatu dutela prezioa finkatzea, eta azpimarratu oraindik ez dituztela prezio horretan saltzen ez delako neurria Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu.
Hala ere, aurreratu du 0,96 euroko prezioa ezin dutela onartu, "zuzenean" erosi zituzten azkeneko maskara kirurgikoengatik bikoitza ordaindu zutelako.
Hori horrela, aitortu du farmazialariek ez dakitela zer egin. "Zain gaude noiz argitaratuko duten Aldizkari Ofizialean, horrela jakingo baitugu zer egin, zeren kostu prezioa baino askoz merkeago saldu beharko genuke, eta hori ere, printzipioz, ezin dugu egin", azaldu du.
Farmazialari bilbotarrak onartu du hainbat bezerok eskatu diotela maskara 0,96 euroan, baina ezin izan duela prezio horretan saldu. "Beste batzuk dauzkagu, FFP2 delakoak, baina etxetik ateratzeko beharrik ez duenak etxean geratzen jarrai dezala. Aholkua da ez daitezela maskarak erostera atera", gaineratu du.