Ekonomia -

Koronabirusa

Etxebizitza libreko maizterrek 1.500 eurora arteko laguntza jaso ahalko dute

Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak aurreikusi du 10.000 familia inguruk jasoko dutela Jaurlaritzaren diru-laguntza.

Etxebizitzak. Argazkia: EiTB
Etxebizitzak. Argazkia: EiTB
Etxebizitzak. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren krisiaren ondorioz ahultasun ekonomikoan dauden etxebizitza libreetako maizterrek Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso ahal izango dute alokairua ordaintzeko, gehienez 1.500 euro sei hilabeteko epean.

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du laguntza zuzen horiek arautzen dituen neurria, eta Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean eskatu ahal izango dira, ziurrenik datorren astean.

Iñaki Arriola Ingurugiro, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza sailburuak prentsaurrekoan azaldu duenez, 15,5 milioi euroko aurrekontua du laguntzak, eta ez dira izango bateragarriak helburu bera duten gainerako laguntzekin.

Sailburuak aurreikusi du 10.000 familia ingurura iritsiko dela laguntza.

Diru-laguntza 250 eurokoa izango da hilean, eta gehienez sei hilabetez iraungo du, apiriletik irailera, baina urtebetera luzatzeko aukera dago okerren dauden kasuetarako.

Hori horrela, pandemiak eragindako krisiaren ondorioz langabezian edo Aldi Baterako Erregulazio Txostenen eraginpean daudenek, eta diru-sarrerak % 40 murriztu dituzten enpresari edo autonomoek jaso ahal izango dute laguntza.

Arriolaren esanetan, laguntzara jotzeko baldintza nagusiak alokairuaren kontratua alarma egoera ezarri aurretik sinatzea eta beste etxebizitzarik ez edukitzea izango dira.

Horiez gain, azken urte fiskalean familiaren diru-sarrerak ezingo dira 39.000 eurotik gorakoak izan, hori baita Babes Ofizialeko Etxebizitza lortzeko muga, eta ezingo da 50.000 eurotik gorako ondarerik izan.

Indarkeria matxistaren eta etxegabetzeen biktimek ere jo ahal izango dute laguntza honetara, eta baita etxerik ez dutenek eta udaletako gizarte zerbitzuek ahulenen artean sartzen dituztenek ere.

Azken kasu horietan laguntza 3.000 eurora artekoa izango da, 12 hilabetetan banatuta.

Arriolak argitu du laguntzak izapidetzeko www.euskadi.eus–en edo Alokabideren webgunearen bitartez egin daitekeela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Higiezinen merkatua gaur Dirulaguntzak Euskadin