Ekonomia -

Koronabirusa

Nafarroak aurreikusi baino 818 milioi gutxiago sar litzake 2020an

Estatuko eta Europako funts posible guztiak baliatzea da Foru Gobernuaren asmoa, egoerari aurre egiteko.

Hainbat herritar, Iruñean. Argazkia: EFE.
Hainbat herritar, Iruñean
Hainbat herritar, Iruñean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz, Nafarroako Foru Ogasunak komunitate-erkidegoko aurrekontu orokorretan aurreikusitako diru-sarreren % 20,2 gutxiago bilduko omen du, hau da, 818 milioi gutxiago.

Foru Erkidegoko Gobernuak Estatuko eta Europako funts posible guztiak baliatuko ditu egoerari aurre egiteko, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak Nafarroako Parlamentuan adierazi duenez.

Ekonomia-jardueraren etenaldiak eta, horrekin lotuta, enpresen mesederako hartutako erabakiek izango dituzten ondorioak aztertu ditu Saizek; ziurtatu duenez, "erantzunik onena ematea da erronka".

Ez ditu ezkutatu krisiak izango dituen ondorioak. Aurreikusi dutenez, 2020an, Barne Produktu Gordinak % 6,4-9 egingo du behera.

Hori bai, Nafarroak elementu bereizgarriak ditu, hala nola turismoaren mendekotasuna txikiagoa dela eta industria-sektoreak pisu handia duela. Baliteke horiek susperraldia hobea izaten laguntzea.

Egoera ekonomikoa azalduta, "aurretik dugun erronka erantzunik hobea ematean datza", esan du Saizek. Haren hitzetan, funts eskuragarri posible guztiak baliatuko dituzte, "berdin dio nondik iritsi", Europatik zein Estatutik. Halaber, zorra jaulkiko dute; dagoeneko 225 milioi jaulki dituzte.

Saizek nabarmendu duenez, Nafarroak badu beste askok ez duten "baliabide boteretsu bat": Nafarroako aurrekontu orokorrak, hain zuzen ere. Ziurtatu duenez, "berriro zehaztuko ditugu, zentzuz. Krisi honi aurre egiteko berraztertuko ditugu, jarrera irekia baitugu". Bereziki, gizarte-gastua, gizarte-politikak, hezkuntza, berrikuntza eta jasangarritasuna izango dituzte ardatz, orain arteko ildoari jarraituta.

Aurreratu duenez, Nafarroak "gogor borrokatuko du", Hitzarmen Ekonomikoaren bidez, kaudimena bereganatzeko (Hitzarmen Ekonomikoaren urte oinarria eguneratzeke dago, eta, beraz, negoziatzeke). Halaber, berretsi du komenigarriak direla Nafarroa Suspertu Plana izenekoaren neurriak, Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean eztabaidatuko dituztenak hilaren 27an.

Horrez gain, eta krisiaren eraginaren eredu gisa, "Gobernuak hasieratik egin zionez aurre osasun-, gizarte- eta ekonomia-krisiari", Saizek adierazi du COVID-19 gaitzarekin lotutako gastuaren kalkulua 164 milioi eurokoa dela (75 milioi Osasun Departamentuan eta 14 Gizarte Eskubideetan); horietatik, 66 milioi hitzartuta dituzte jada.

Era berean, kritikak izan dira Nafarroan, aurten ez baitago aukerarik errentaren aitorpena aurrez aurreko laguntzarekin egiteko. Saizek kritika horiek izan ditu hizpide, eta aurrez aurreko arretaren ordez hartutako neurriak balioetsi ditu; hain zuzen ere, Interneten egiteko erraztasunak bideratu dituzte, hiru finantza-erakunderen laguntzarekin. Saizek horretarako kontratu bat hitzartu dutela iragarri du.

Ziurtatu duenez, Ogasunak "zerbitzu eraginkorra" emango du kanpaina honetan, "normaltasun berriaren bilakaerara egokitutako zerbitzua".

Taldeen iritziak

Taldeen txandan, Navarra Sumako Juan Luis Sanchez de Muniainek deitoratu du Foru Gobernuak "ez duela planik, asmo-adierazpena bakarrik"; halaber, ziurtatu du beharrezkoa dela 2020rako aurrekontua "berrikustea, osorik". Haren iritziz, "kezkagarria da zorpetzea irtenbide bakarra izatea".

PSNko Ainhoa Unzuk kontseilariaren hitzaldia goraipatu du, "datuez, aurreikuspenez eta balizko egoerez beteta izan baita". Unzuren esanetan, Saizek ez du ezkutatu diru-bilketaren beherakada "itzela". "Orain arte lortutakoarekin atzerapausorik ez ematea" eskatu du.

EH Bilduren aldetik, Adolfo Araizek beste neurri batzuk ere eskatu ditu, besteak beste "COVID-19 tasa eztabaidagarria"; izan ere, beharrezkoa da "ezohiko ekarpenak lortzea". Halaber, ondarearen zerga "ondasun handietarako zerga bilakatu beharko litzateke", eta sozietate zerga "mailaz mailakoa izan beharko litzateke, eskuratutako irabaziak kontuan izanik".

Podemoseko bozeramaile Mikel Builek onartu du ez dagoela "formula magikorik", baizik eta neurri-sorta bat, tartean zorra jaulkitzea, bai eta aurrekontua "berriro aztertzea ere". Lehentasuna, baina, COVID-19ak irakatsitakoak izan beharko luke, alegia, "osasuna eta gizarte-babesak". Horren ondorioz, "konprometitutako zerga-erreforma egin beharko litzateke".

Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simonen iritziz, diru-bilketaren beherakadaren datu "ikaragarriak" erantzun argi eta sendoak exijitzen ditu, "eta Gobernuan ez dut horrelakorik ikusi", esan du. De Simonen esanetan, hauxe da formula: "Murrizketarik ez, Aurrekontu Egonkortasunaren Legeari eta laztasun-politikei ez, eta bai, guztiz beharrezkoa den baiezkoa, ondasunari zerga handiagoa jartzeari, enpresetan, ondarean eta kapitalean".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Alderdi politikoak berriak Gaixotasunak albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua berriak Nafarroako Parlamentua Medikuntza albisteak Koronabirusa olatu berria Deseskalatzea gaur