Ekonomia -

Gasteizko tranbia

HAPOaren aldaketa onartu dute Gasteizko tranbia Salburura luzatzeko

Tranbiaren ibilbidea, oro har, bide-sare gisa kalifikatutako lurzoruetatik igarotzen da, baina tarte batzuetan espazio libreak edo berdeguneak hartzen ditu.

Gasteizko tranbia. Argazkia: EFE.
Gasteizko tranbia
Gasteizko tranbia. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak ostiral honetan onartu du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) egitura aldatzeko proiektua, Gasteizko tranbiaren ibilbidea Salburuara luzatzeko.

Tokiko Gobernu Batzarraren osteko prentsaurrekoan, Gorka Urtaran alkateak jakinarazi du izapide horrek Gasteizko tranbiaren luzapenerako aurreikusitako ibilbidea egokitzea ahalbidetzen duela.

Aldaketak onartutako informazio-azterlanean jasotzen dira, dauden aukerak aztertu eta dagokion jendaurreko informazio-prozesuan egindako oharrak eta alegazioak ebatzi ostean.

Urtaranek azaldu duenez, proposatutako tranbiaren ibilbidea, oro har, bide-sare gisa kalifikatutako lurzoruetatik igarotzen da; lurzoru horietan, tranbia-sarearen erabilera bateragarria da, baina zenbait tartetan, espazio libre edo berdegune eremuak hartzen dira, zeinetan erabilera hori "bateraezina" baita indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin.

"Onartutako aldaketaren bidez, Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak jasotzen duen legezkotasunera egokitu nahi da proiektua", adierazi du.

Erakundeen arteko lankidetza

Gasteizko tranbia Salburua auzoraino luzatzen lagundu dute Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko Eusko Trenbide Sareak.

Tranbia Juan Carlos I.a etorbideraino iritsiko da, Udalak eta auzo elkarteak eskatu zuten bezala. "Salburuako eskaera historiko bati erantzuteko pauso berri bat ematen ari gara gaur. Barrualderantz hobeto konektatutako hiria bihurtzeko proiektu garrantzitsua da", adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Proiektuaren zenbateko osoa 24.834.000 eurokoa da, BEZik gabe, eta Udalak 4.345.950 euro jarriko ditu, 2019, 2020 eta 2021eko ekitaldiei dagozkienak. Aldundiak, berriz, Udalaren diru kopuru bera jarriko du (kopuru osoaren %17,5). Eusko Jaurlaritzak, azkenik, % 65a finantzatuko du, 16.142.100 euro.

Ibilbidea

Aurreikusitako ibilbideak 2,5 kilometro inguruko luzera du eta bost geltoki izango ditu -Santa Luzia, Salburuako Gizarte-Etxea, Nikosia, Salburua eta Juan Carlos I-.

Ibilbidea Florida kalean hasiko da. Jacinto Benavente kalearekin gurutzatu ondoren, Iliada pasealekutik jarraitu eta iparralderantz egingo du, 90º biratuz, Batasun plazara iritsi arte.

Biribilgunea mendebaldetik inguratu eta Brusela hiribidea zeharkatuta, Salburuko Bulebarretik jarraituko du, eta, hortik, Aerodromoko pasealekutik desbideratuko da. Azkenik, Erroma hiribidea zeharkatuko du eta Juan Karlos I.aren etorbidetik sartuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gorka Urtaran Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Gasteizko tranbia Garraio publikoa Salburua