Ekonomia -
KORONABIRUSA
Sektore publikoan soldatak "eustea" aurreikusi du Jaurlaritzak
Langile publikoei "solidarioak" izateko eskatuz lehendakariak egindako adierazpenak hautsak harrotu zituen. Jaurlaritzak zehaztu du proposamen horrek ez duela soldatak jaistea ekarri beharrik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak langile publikoen soldatei "eustea" aurreikusten du, baina inoiz ez jaistea, COVID-19aren ondorioz sortutako krisiari aurre egiteko neurri gisa.
Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak agerraldia egin du Pedro Azpiazu sailburuarekin, aurtengo eta datorren urteko aurreikuspen makroekonomikoen berri emateko.
Alberdik azken egunotan polemika sortu duen gai bati buruz hitz egin du, Iñigo Urkullu lehendakariak krisitik irtetean langile publikoak solidarioak izatea proposatu baitzuen orain dela gutxi, eta sindikatuek asko kritikatu zituzten hitz horiek.
Sailburuordeak gogora ekarri duenez, legegintzaldiaren hasieran, Urkulluren Gobernuak "aurreko atzeraldi ekonomikoaren ondoren soldata errekuperatu behar zela" esan zuen, eta langile publikoen soldaten hobekuntza 2019ko eta 2020ko aurrekontuei esker lortu dela gaineratu du.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, "bigarren atzeraldira eraman zuen herstura baztertzeaz gain, soldataren deflazioaren ideia ere baztertu behar da".
"Soldata-deflazioak gauzak okertu baino ezin ditu egin", esan du Alberdik, eta orain "elkartasuna eta sakrifizioen bidezko banaketa" eskatu behar dela argitu du, eta horrek "sektore publikoaren kasuan" soldatari eustea, baina inola ere ez soldatak jaistea dakar".
Eusko Jaurlaritzak aurten bilketaren % 18 inguru jaistea espero du, hau da, aldundiek 2.000 milioi euro inguru gutxiago ematea, eta horrek defizit "nabarmena" ekarriko du.
Bere ustez, euskal administrazioa gai izango da krisiari aurre egiteko eta politika publikoen maila zaintzeko, hazkundea eta ongizate-estatuaren iraupena bermatuz.
Sailburuordeak aurreratu duenez, Jaurlaritzak ez du aurtengo aurrekontuan "murrizketa esanguratsurik" planteatzen, pandemiari erantzuteko ekintzak finantzatzeko sailetan kredituak "berresleitzea" helburu duten neurri batzuk alde batera utzita.