Ekonomia -
Burtsa
Ibex 35ek % 1,61 egin du behera, 7.936 puntuko mailaraino
Espainiako arrisku saria 341 puntutik 334ra jaitsi da. Europan, Londreseko burtsak soilik egin du gora, % 1,06; Milangoak, aldiz, % 1,98 egin du behera, Italiako greba orokorraren egunean.
Erredakzioa
Espainiako burtsak % 1,61 egin du behera eta 7.936,40 puntuko mailan kokatu da, urteko minimoetan eta 2009ko martxotik izandako mailarik baxuenean. Inbertitzaileek atzeraldiari dioten beldurrak eta nazioarteko burtsen eta balore handien galerek eragina izan dute Espainiako burtsan.
Espainiako arrisku sariak, aldiz, behera egin du, 341 puntutik 334ra; atzo baino zazpi puntu beherago dago.
Europako burtsei dagokienez, Londresekoak soilik egin du gora, % 1,06; Milangoak, aldiz, % 1,98 egin du behera, Italiako greba orokorraren egunean. Halaber, Euro Stoxx 50 indizeak % 1,29 egin du behera; eta Parisek % 1,13, eta Frankfurtek % 1.
Gorabeherak izan dira nagusi saioko lehen bi orduetan, eta Ibex 35 indizea 8.150 punturaino igo da, 8.000 puntuko maila galdu bezain laster.
Espainiako merkatuak gora eta behera ibili dira, Robert Zoellick Munduko Bankuko presidenteak, prentsaurreko batean, AEBetako eta Europako ekonomiek bigarren atzeraldia izango dutela baztertzen zuen bitartean.
Bigarren hiruhilekoan euroguneko BPG % 0,2 hasi izanak (% 1,6, urtebeteko tasa) dezelerazioa baieztatu du, eta merkatuetan gorabeherak izaten lagundu du.
Bestalde, Alemaniak aurten aurreikuspenen arabera ekonomikoa %3 haziko dela berretsi du, eta Espainiako kontsumo datu onak ezagutu dira; datu bi horiek gora eraman dituzte indizeak.
Hala ere, saio bukaeran, Europako merkatuetako galeren eta balio handien presioaren ondorioz, Ibex 35 indizeak behera egin du, 2009ko martxoko bukaerako mailaraino.
Ibexek gora egin du saioaren hasieran
Espainiako burtsaren adierazle nagusia errebotea egiten eta astelehen honetan galdutakoa berreskuratzen saiatu da saioaren lehenengo orduetan. Saioa hasi eta lehen minutuetan, % 0,88 igo da, lehenengo mugimenduak negatiboak izan badira ere.
09:10ean, Espainiako burtsak 70,70 puntu berreskuratu ditu eta 8.133,60 puntutan kokatu da. Horrela, urtarrilaren 1etik pilatutako galera % 17,84koa izan da. Halaber, Espainiako arrisku saria 339 puntuko mailan kokatu da, 09:01ean 354kora ailegatu ostean.
Europako burtsa nagusiak ere burua altxatzen saiatzen ari dira. Horrela, Parisek % 0,50 egin du gora, Frankfurtek, % 0,44, eta Londresek, berriz, % 0,09.
Espainiako Ibex 35 indizean izan diren galerarik handienak Sacyr Vallehermoso (% 2,32) eta Técnicas Reunidas (% 0,92) baloreek izan dituzte. Irabaziei dagokienez, Arcelor Mittal (% 1,49) eta IAG (% 1,27) izan dira gehien igo direnak.
Espainiako merkatuko kapitalizazio handiko baloreei erreparatuta, BBVA izan da saioa gorriz hasi duen bakarra (% 0,02 galdu du). Telefonicak % 0,63 berreskuratu du, bere azpiegitura birmoldatuko duela iragarri ondoren. Bestalde, Santanderrek % 0,73 egin du gora; Iberdrolak, % 0,85; eta Repsol YPFk, % 0,97.
Euroa 1,409 dolarretan kokatu da Frankfurteko burtsaren saioaren lehenengo minutuetan (astelehenean 1,410 dolarretan amaitu zuen saioa). Brent petrolio upel bakoitza 110,27 dolarretan kotizatu da, aurreko egunean baino 0,07 dolar merkeago.