Ekonomia -

Koronabirusa

Urkulluk iragarri du 140 milioi bideratuko dituztela enplegua berreskuratzeko

Suntsitutako lanpostuak berreskuratzeko egitasmo bat izango da, lau zatitan banatuta: udal mailan, langabeen heziketa, langileen heziketa eta HEZIBI egitasmoa.

Langile bat ibilgailuak ekoizteko fabrika batean. Argazkia: EFE
Langile bat ibilgailuak ekoizteko fabrika batean.
Jaurlaritzak 140 milioi euro bideratuko ditu enplegua sustatzeko

1:20

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du 140 milioi euroko partida bideratuko dutela COVID-19aren krisiaren ondorioz suntsitutako enplegua berreskuratzeko. Gobernu Kontseiluan onartutako egitasmo hori lau zatitan dago banatuta, eta enplegua berreskuratzea du helburu.

Alde batetik, 42 milioi euro emango zaizkie udalei enplegua sustatzeko tokian tokiko egitasmoak gara ditzaten. Laguntza horiek emateko garaian, lehentasunezko eremuak izango dira lehenak.

Bestalde, 66 milioi euroko inbertsioa egingo dute langabeen heziketarako. Horrez gain, pertsona horiek lan munduan sartzeko, diagnosi eta aholkularitza pertsonalizatuak ere indartuko dituzte, horretara baliabideak bideratuta.

Hirugarren atala HEZIBI egitasmoari dagokio. Horrela, 2,3 milioi euro bideratuko dituzte gazteek ikasketak eta lana uztar ditzaten.

Azkenik, 30 milioiko inbertsioa egingo dute lanean ari diren eta gaitasunak hobetu nahi dituzten langileak trebatzeko. "Langileek euren maila hobetzeko aukera izatea nahi dugu, edo enpresa barruko aldaketei egokitzea", azaldu du.

Gainera, ekonomia berpizteko eta enplegua sustatzeko estrategia zabalago bat osatzeko lanean ari direla iragarri du, hurrengo legegintzaldiari begira. Hori izan omen zen lehendakariak hiru ahaldun nagusiekin egindako batzarraren helburua.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak