Ekonomia -

2012ko Aurrekontuak

Eusko Jaurlaritzak ez ditu zerbitzu publikoak murriztuko

Abuztua arteko diru-sarreren datuak izan arte, Jaurlaritzak ez du erabakirik hartuko. Datuak hilaren bukaeran izango dituzte, eta, ondoren, Finantza Kontseiluak gastuari muga ezarri beharko dio.

Jaurlaritzak zuhur jokatuko du, diru sarrerak ikusi arte

01:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, EAEko egoera ekonomikoa "zaila" da, eta "gero eta zailagoa" da gastu arrunta murriztea. Hala ere, 2012ko Aurrekontuei begira, Jaurlaritzak ez ditu Hezkuntza, Osasuna eta zerbitzu sozialei bideratutako partidak ukituko.

Abuztua arteko diru-sarreren datuak izan arte, Jaurlaritzak ez du erabakirik hartuko, Idoia Mendiaren hitzetan. Datuak hilaren bukaeran izango dituzte, eta, ondoren, Finantza Kontseiluak gastuari muga ezarri beharko dio.

Azaldu duenez, dagoeneneko Jaurlaritzan sail guztietan neurriak hartzen ari dira, datorren urteko Aurrekontuak prestatzen ari dira eta, dokumentu horretan, beharrezkoak ez diren gastuak kenduko dituzte, "funtsezkoak diren zerbitzuak ukitu gabe".

Horrez gain, funtzionarioei soldata mantendu egingo zaiela esan du Idoia Mendiak.

Aurrekontuetan murrizketak izan ditzaketen sailen datuak aurreratu ez dituen arren, egoera ekonomikoa "korapilatsua" dela adierazi du Mendiak, eta korronteen gastuen idazpenak jaistea geroz eta "zailagoa" dela gaineratu du, aurreko ekitaldi batzuetan egin bezala.

Eusko Jaurlaritzarentzat heziketa, osasuna, garraioa, justizia eta zerbitzu sozial sailetako gastuak mantentzeak "lehentasuna" duela nabarmendu du; behar duten familiei laguntzak ematea krisiari "eusteko" eta likidazio arazoak dituzten enpresei diru-laguntzak abalen bitartez ematea bezala.

Kulturan murrizketak egiteari dagokionez (atzo jakinarazi zuen Blanca Urgell sailburuak), bozeramaileak arlo horretan "adostasunera" iritsiko direla esan du, baita euskara sustatzera bideratutako sailetan ere, nahiz eta neurri apalago batean izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea