Ekonomia -

Metaleko enpresak

Bizkaiko metal-enpresen % 90ek "geldialdia" antzeman dute

Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioak aldi baterako lan-erregulazioak gutxienez abendura arte luzatzea eskatu du, eta lanaldian malgutasun handiagoa eskatu du.

Automobilgintzaren munduko enpresa, errendimendu betean. Argazkia: EiTB.
Automobilgintzaren munduko enpresa, errendimendu betean.
Automobilgintzaren munduko enpresa, errendimendu betean. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Metaleko enpresen % 90en ustez, merkatua "geldituta, atzeraldian edo atzeraldi larrian" dago, baina ekainean merkatua % 50-75eko jarduera-mailaraino berpiztea aurreikusi du horien % 42k, Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioaren inkesta baten datuen arabera. Aldi baterako lan-erregulazioak, gutxienez, abendura arte luzatzea eta lan-malgutasun handiagoa izatea eskatu du.

Tamara Yagüe Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioko presidente hautatu berriak agerraldia egin du metaleko patronalaren urteko batzarra dela eta.

Agerraldian, Tamara Yagüek koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz sektoreak gaur egun duen egoera azaldu du, eta hilabete hauetan lana areagotu dela nabarmendu du, elkartekideei "ezohiko egoera honetan eman beharreko zerbitzua" bermatzeko.

Zehazki, nabarmendu duenez, 1.200 kontsultatik gora erantzun dira COVID-19aren krisiarekin lotutako alderdien inguruan, 147 informazio-zirkular zabaldu dira eta doako 200 online prestakuntza-ikastaro baino gehiago eskaini dira, baita 10 webinar ere.

Sektorearen egoerari buruz, Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioak ekainaren 9tik 12ra bitartean 280 enpresaren erantzuna jaso ostean egin duen azken inkestaren emaitzak nabarmendu ditu; horien ia erdiak metalezko produktuak fabrikatzen dituzte, eta siderurgia, makineria, material elektriko eta elektronikoen egileak, metalezko instalazio eta muntaien azpisektoreak daude hor.

Inkestak COVID-19ko krisiaren ondorioen "larritasuna" berretsi egin du, eta, zehazki, % 90en ustez, merkatua "geldialdi, atzeraldi edo atzeraldi gogorrean" dago. Ekainerako, ordea, enpresen % 42k espero dute merkatua berraktibatzea, % 50-75eko jarduera-mailaraino. Zehazki, % 23k "indarberritzea" espero dute. Bestalde, hiru enpresatik bik 6 eta 12 hilabete arteko epean jarduera berreskuratzea aurreikusten dute.

Bizkaiko Metaleko enpresen presidenteak adierazi duenez, ikuspegi horrekin, enpresen % 77ren eskaera-zorroa "ahul edo oso ahula" da, eta inbertsioen murrizketa "esanguratsua" izango da urteko azken hilabeteetan.

Yagüeren hitzetan, 2020ko lehen bost hilabeteetako jarduera aztertuz gero, ekoizpen gaitasunaren erabilera maila jaitsi egin da enpresen % 77rentzat 2019ko epe berarekin alderatuta, eta fakturazioa % 30 inguru jaitsi da.

Hala ere, enpresen % 48rentzat esportazioek beren mailari eutsiko diote edo handitu egingo dira, eta horrek "enpresen nazioartekotzean egindako ahaleginari eusteko beharra" indartzen du.

Enpleguaren ikuspegitik, enpresen erdiek baino gehiagok uste dute plantillaren dimentsioa "egokia" dela, baina % 41entzat "gehiegizkoa" da egungo testuinguruan, eta ia % 30ek "murriztu egin beharko dute".

Gehien kezkatzen duten faktore ekonomikoak, egun, Espainiako eta nazioarteko ekonomiaren ahultasuna, salmenten errentagarritasunaren jaitsiera eta bezeroen berankortasuna dira. Azaldu duenez, osasun krisiaren jardueraren beherakadak izan duen eraginetik "zuzenean" eratortzen diren faktoreak dira, "eskaera falta eragin dutenak" eta "aldi baterako lan erregulazio bati heltzeko beharra" dutenak, "lan kostuen eragina saihesteko".

Egoera horren aurrean, enpresek Kreditu Ofizialeko Institutuaren abalak, zerga-luzapenak edo -atzerapenak eta ETEentzako COVID-19 maileguak izan dituzte, Jaurlaritzak Elkargirekin elkarlanean abian jarri zituenak, horren esanetan.

Ildo horretan, datozen hilabeteetarako, enpresek "jarduerari eutsi ahal izateko" laguntza ezberdinak izatea espero dute, hala nola kontsumoa aktibatzeko programak ezartzea, dirulaguntza publiko handiagoak eskaintzea eta likidezia handiagoa izatea ahalbidetuko duten neurriak (maileguak, Gizarte Segurantzako kotizazioen murrizketa eta zergen ordainketan atzerapena).

Gainera, nabarmendu du "eskaera argia" dagoela aldi baterako lan-erregulazioak zabaltzeko, eta ziurtatu du Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioek gutxienez abendura arte zabaltzearen alde egingo duela.

"Estrategikoki, enpresek ulertzen dute, krisitik ateratzeko eta lehiakortasun maila hobetzeko, neurri sorta zabala ezarri beharko dutela, eta neurri horiek euren gaitasun teknologikoak eta berrikuntza indartu, hornikuntza- edo salmenta-katea dibertsifikatu eta nazioartekotze prozesuak areagotu beharko dituztela", gaineratu du.

Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioko presidenteak, zehazki, automobilgintzaren sektorea izan du hizpide, "krisiak bereziki jota" utzi duelako, eta nabarmendu du, inkestaren arabera, enpresen erdiak atzeraldi larrian daudela, enpresen % 94rentzat eskaeren jaitsiera handia izan dela, eta datozen sei hilabeteetan ez dutela susperraldirik espero.

Sektore horretan susperraldia ez da urtebete baino lehenago gauzatuko, eta "krisiak enpleguan izango duen eragina inkestatutako enpresen batez bestekoa baino handiagoa izango da", erantsi du.

Egoera horren aurrean, Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioak beharrezkotzat jotzen ditu epe ertainean ekonomiaren suspertzea eta hazkundea lortzeko hainbat neurri, hala nola lan-malgutasun handiagoa, kontsumoa aktibatzeko planak (batzuk espezifikoak, automobilentzat bultzatutakoa, esaterako), ekonomiaren modernizazioa, enpresen lehiakortasuna hobetu ahal izateko eraldaketa digitalaren eta berrikuntzaren bidez, eta nazioartekotze-planen sustapena, merkatu global batean hazi ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Enpresaburuak Koronabirusa