Ekonomia -

Bat-egitearen negoziaketa

BBK, Kutxa eta Vital Kutxa sindikatuekin bilduko dira astelehenean

Euskal aurrezki-kutxak sindikatuekin bilduko dira lan akordio bat lortzeko helburuarekin hitz egiten jarraitzeko. Izan ere, BBKko eta Vital Kutxako batzarrek bat-egitea irailaren 16an onartuko dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BBK, Kutxa eta Vital Kutxa sindikatuekin bilduko dira astelehenean, irailaren 12an, lan akordio bat lortu nahian hitz egiten jarraitzeko. BBKk eta Vital Kutxak irailaren 16an onartuko dute bat-egitea ezohiko batzar nagusietan, izan ere, operazioa aurrera ateratzeko beharrezko diren 67 botoak bermaturik dituzte.

Kutxaren kasuan, irailaren 23an egingo du batzarra eta momentuz aldeko 58 boto ditu soilik. Horrela, CCOO (10 boto) eta Pixkanaka sindikatuen (2) jarrera erabakigarria izango da egitasmoa aurrera ateratzeko. Negoziatzen ari diren lan akordioak asebetetzen baditu bakarrik aldeko botoa emango dutela ohartarazi dute sindikatu horiek.

Egitasmoa aurrera ateratzen baldin bada BBKk 28.683 milioi euroko aktiboak jarriko ditu entitate berrian, eta Vital Kutxak 8.200 miloioi eurokoak.

LAB sindikatuak komunikatu batean azaldu duenez, uztailaren 27an aurkeztutako proposamenari oraindik erantzunik ez diote eman aurrezki-kutxek. Bertan Euskal Lan-harremanen Markoa errespetatzeko eskatzen zuen LABek.

Bestalde, batzarretan bat-egitearen aldeko botoa emateko lan akordio "egoki" bat eskatu du CCOO sindikatuak. Horrela, lanpostuen % 100a mantentzea eskatu du CCOOk, edota bajarik egotekotan horiek adostutakoak izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea