Ekonomia -

Laguntza ekonomikoak

Eusko Jaurlaritzak 66 milioi bideratuko ditu alokairua eta birgaitzea sustatzera

Jaurlaritzak aurreikusi duenez, dirulaguntza horiek inbertsio pribatuetan 400 milioi euro baino gehiago mugiaraziko dituzte, batez ere, birgaituko diren eraikinen jabeen erkidegoek egindakoak.

Gasteizko etxebizitza batzuk. Argazkia: EFE.
Gasteizko etxebizitza batzuk
Gasteizko etxebizitza batzuk. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ia 66 milioi euro bideratuko ditu datozen hiru urteetan alokairu sozialerako eta etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko laguntza-programak finantzatzera.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 20,4 milioi euroko dirulaguntza emango duela iragarri du astearte honetan, egiturazko berrikuntzak (estalkiak eta fatxadak) egiteko eta irisgarritasuna (igogailuen bidez, batez ere) zein eraginkortasun energetikoa hobetzeko. Kopuru horretatik, 6,4 milioi aurten ordainduko dira, eta 14 milioi, 2021ean.

Jaurlaritzaren arabera, dirulaguntza horiek 400 milioi euro baino gehiago mugiaraziko dituzte inbertsio pribatuetan, batez ere, birgaituko diren eraikinen jabeen erkidegoek egindakoak.

Gainera, hurrengo hiru urteetan, 19,3 milioi euro bideratuko dituzte Gaztelagun programara, gazteei merkatu libreko etxebizitza baten alokairua ordaintzen laguntzeko, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan azaldu duenez.

Alokairu babestuaren sustapenak 12 milioi euro beharko ditu, besteak beste, sustatzaile publiko eta pribatuen alokairu "eskuragarria" lortzeko, hornidura-bizitokiak sustatzeko eta "Cohousing edo elkarlaneko etxebizitzak sustatzeko irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta erabilera lagatzeko kooperatibak" babesteko.

Bestalde, 14,1 milioi bideratuko dira 2023ra arte irisgarritasun-obretarako kredituak ordaintzeko laguntzetan, eta, horrela, aldez aurretik egitura birgaitzea behar duten jenderik gabeko etxebizitzak mobilizatzea lortuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza Dirulaguntzak gaur