Ekonomia -
Energia berriztagarriak
160.000 lagunen energia beharra hornituko du Arabako eguzki parke berriak
Iberdrolak, Mondragon Taldeak, Arabako Aldundiak eta EEEk sustatutako plantak urtero 160.000 pertsonak, Arabako biztanleen ia erdia, kontsumitzen duten argindarra sortuko du.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadik eguzki-parke berri bat izango du Erriberabeitian (Araba), eta urtero 160.000 pertsonak (Arabako biztanleen ia erdia) kontsumitzen duten elektrizitatea sortuko du.
Iberdrolak, Mondragon Taldeak, Arabako Foru Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak Euskadiko eguzki-energiako plantarik handiena eraikiko dute 100 MW-eko edukierarekin, egun autonomia-erkidegoan instalatuta dagoen eguzki-ahalmen osoaren ia bikoitza (60 MW).
Ekianen ondoan egongo da instalazioa, Arasurren duela urte erdi martxan jarri zuten eguzki parkearen ondoan. Orain arte, EAEko handiena zen, baina instalazio berriak gaindituko du; izan ere, Ekianek 24 megawatt ekoizten ditu, eta instalazio berriak 100 megawatt sortuko ditu, hau da, Ekianen baino 4 aldiz gehiago.
Arabako hegoaldean dagoen lursail hori aukeratu dute sustatzaileek Euskadiko eguzki ordu gehien duen eremua delako eta, aldi berean, lurzorua laua delako. Parke horrek energia berriztagarrien ekoizpena handitzea du helburu. 2030ean kontsumitzen dugun energia guztiaren heren bat iturri garbietatik etortzea da xedea.
Euskal aliantza publiko-pribatu horretan elektrikoak % 75eko partaidetza du; Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoena, % 20ko partaidetza izango du, eta Arabako Aldundiak zein Mondragon Korporazioak, Kreanen bidez, % 5eko atxikimendu-konpromisoa hartuko du.
Proiektua asteazken honetan aurkeztu diote Iñigo Urkullu lehendakariari Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak, Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko presidenteak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak.
Planta horrek 100 hektareako hedadura izango du, eta 70 milioi euroko inbertsioa egingo da, 100 MW-eko indarra eragingo duena.
Ekienea izeneko planta 2023an martxan jartzen denean, atmosferara urtean 25.000 tona CO2 isurtzea saihestuko da.
Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, inbertsio horrek "energia berriztagarrien arloan balioa gehitzen dio, eta ekonomia eta enplegua suspertzeko aukera zabaltzen du, une honetan benetako lehentasuna dena".
Urkulluren esanetan, lankidetza publiko-pribatuak "enplegua sortzen du", eta proiektu horrek "ekarpena dakar iraunkortasunarekiko eta planetaren zaintzarekiko konpromisoan".