Ekonomia -

Euskal kutxen bat-egitea

Euskal kutxek eta Bilduk bat-egite hotza onartzeko akordioa lortu dute

EAJren, PSEren eta PPren babesa izan arren, bat-egitea aurrera ateratzeko Bilduren aldeko botoa beharrezkoa zen eta Kutxak baieztatu duenez, horrela izango da.

Kutxen bat-egitea: Akordioa Bildurekin

01:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru euskal kutxen zuzendaritzak, Bizkaiko BBKk, Gipuzkoako Kutxak eta Arabako Vital Kutxak, akordio bat hitzartu dute Bildu koalizio abertzalearekin euskal kutxen bat-egite hotzaren proiektua onartzeko.

Bat-egite proiektu honek EAJren, PSE-EEren eta PPren babesa zuen baina hiru alderdien aldeko botoa ez zen nahikoa bat-egitea Kutxaren batzordean aurrera ateratzeko. Baina Bilduk horren aldeko botoa emango duela ziurtatu duenez, integrazio prozesua bermatuta dago.

Bilduk sare sozialetan jakinarazi duenez, akordio honekin "itxi" egin dituzte "pribatizazioaren ateak", eta eutsi egin diote kutxen "funtzio sozialari". Izan ere, mozkinen % 30 gizarte lanetara bideratuko dute beti, eta ez bakarrik hiru lehen urteetan, kutxen zuzendaritzek sinatutako akordioak aurrez ikusten zuen bezala.

Halaber, koalizio abertzalearen hitzetan, "banku berriak errespetatu egingo du langileek haien lan esparruan erabakitakoa".

Bat-egitea irailaren 16an bozkatuko dute BBKren eta Vital Kutxaren asanbleek, eta 26an Kutxarenak, hots, organo horiek berritu baino lehen, oraindik ez baitituzte islatzen maiatzaren 22ko hauteskundeen emaitzak.

Hori dela eta, Bilduk ez du oraingoz Kutxako asanblean Gipuzkoako erakundeetan duen ordezkaritzaren isla. Koalizioa indar bozkatuena izan zen lurraldean.

Bilduren aldeko erakundeek 24 boto dituzte Kutxaren asanblean: 20 Banatuz plataformak, hiru EAk eta bat LABek. Alternatibako hiru ordezkarietako bi joan egin dira alderditik eta bat-egitearen alde bozkatuko dute; hirugarrenak ere alde emango du botoa seguru aski.

Bat-egitearen alde 58 boto daude: EAJrenak (24), PSErenak (18), Hamaikabatenak )13), PPrenak (1) eta Alternatibako bi ordezkari ohienak. Oraindik ez dago argi zein izango den CCOOren 10 ordezkarien jarrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea