Ekonomia -
Aurreikuspenaren moldaketa
Eusko Jaurlaritzak jaitsi egingo du 2011ko hazkundearen aurreikuspena
Hala ere, Carlos Aguirreren hitzetan, Jaurlaritzak ez du murrizketa gehiago aurreikusten 2011rako, "nazioarteko egoera zaila" izan arren.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak jaitsi egingo du 2011ko hazkunde ekonomikoaren aurreikuspena, baina ez du murrizketa gehiago egingo, Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak prentsaurrekoan jakinarazi duenez.
EAEko aurreikuspen ekonomikoa urte bukaeran jaisteko asmoa iragarri du Aguirrek Gobernu Kontseiluaren ostean, "nazioarteko egoera zailak" euskal ekonomiari ere eragin diolako.
Aurreikuspena zenbat jaitsiko duten zehaztu ez duen arren, eta kopuru zehatza emateko hilabete bukaerara arte itxaron behar dela azaldu ostean, BPG % 1 baino gehiago haziko den ezin duela esan onartu du.
Dena den, Lopezen gobernuak oraingoz ez duela murrizketa gehiago aurreikusten, eta "uda aurretik hartutako neurriekin" Euskadik "defizitaren helburuak betetzeko" gaitasun nahikoa izango duela adierazi du.