Ekonomia -

Zerga-bilketa

EAEko zerga-bilketaren beherakada baretu, eta % 13 jaitsi da ekainera arte

Gipuzkoan % 11,6 jaitsi da, Bizkaian % 12,8 eta Araban % 17

Bizkaiako Foru Aldundiaren bulegoak. Irudia EiTBko bideo batetik hartua da.
Bizkaiako Foru Aldundiaren bulegoak.
Bizkaiako Foru Aldundiaren bulegoak. Irudia EiTBko bideo batetik hartua da.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru ogasunen zerga-bilketa % 13,08 jaitsi da ekainera arte 5.110,7 milioi euro jaso baitute, hau da, lehengo urteko garai berean baino 769,2 milioi euro gutxiago, baina maiatzera arteko jaitsieraren erdia erregistratu dute.

Urtarriletik maiatzera, bilketa % 21,8 jaitsi zen EAEn, 4.197,1 milioi euro jaso baitzituzten, baina konfinamenduan atzeratutako ordainketak jasota, zerga-bilketaren erortzearen zati bat berreskuratu dute.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Gipuzkoan izan da jaitsiera baxuena (–% 11,6), eta Bizkaia (–% 12,8) eta Araba daude ondoren (–% 17). Halere, Arabak maiatzera arte izandako jaitsieraren zati handi bat berreskuratu du, % 36koa izatera iritsi baitzen.

Bizkaia

Bizkaiak biltzen du zergen bidez diru gehien, eta ekainera arte 3.012,6 milioi euro jaso ditu, hau da, 442, milioi euro gutxiago.

Urteko lehen zatian, 1.323,8 milioi euro inposizio zuzenen bidez bildu dituzte, aurreko urtean baino % 3,3 gehiago. PFEZari dagokionez, % 1,4 jaitsi da, 1.162,2 milioi euroraino, nahiz eta lanagatik egindako atxikipenak % 1,2 igo diren (1.374,6 milioi euroraino).

Bestalde, Sozietateen gaineko Zergaren bidez, 118,8 milioi euro bildu dituzte ekainera arte, aurreko urtean baino % 15,8 gutxiago.

Zeharkako inposizioen bidez, berriz, 1.577,9 milioi euro bildu dituzte, % 16,6 gutxiago. Aldundiek kudeatutako BEZa % 20,2 jaitsi da, 1.092,2 milioi euroraino, eta % 11,1 gutxiago bildu dute hidrokarburoen zerga bidez.

Gipuzkoa

Gipuzkoan, 1.402,5 milioi euro bildu dituzte ekainera arte, aurreko urteko epe beran baino 184,5 milioi euro gutxiago. Maiatzera arte, ordea, zerga-bilketaren jaitsiera % 23,9koa zen; hortaz, nabarmen hobetu dira datuak, bilketak % 11,6ko jaitsiera izan baitu ekainera arte iazko datuekin alderatuta.

PFEZ bidez 20,1 milioi euro gehiago bildu dira ekainera arte, % 2,5 laneko errendimenduei esker. Hori dela eta, PFEZaren balantze orokorra "positiboa" da; izan ere, aurreko ekitaldian baino 53,1 milioi euro gehiago jaso dituzte.

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota bereizgarri garbiko diru-sarrerak 5,6 milioi euro jaitsi dira. Diru-sarrera gordinak ere 4,3 milioi euro jaitsi ziren eta itzulketak 1,3 milioi euro igo ziren. BEZaren bidez, 145,1 milioi euro gutxiago (–% 27,2) bildu dute, eta hidrokarburoen gaineko zergaren bidez % 29,1 gutxiago bildu dute.

Araba

Arabako Ogasunak izan du bilakaera txarrena, 695,6 milioi euro bildu baititu, aurre urtean baino 142 milioi euro (% 17) gutxiago, nahiz eta joerak hobera egin duen azken hilabeteetan.

Zuzeneko zergen bidez bildutako diru-sarrerek % 1,6 egin dute gora lehen seihilekoan, eta 311 milioi euro bildu dituzte PFEZaren bidez, % 0,7 gehiago. Horren eragilea "enpleguaren joera positiboa" izan da, lanagatiko atxikipenak % 1,4 jaitsi baitira urtebetean.

Sozietateen gaineko Zerga % 8,4 jaitsi da, 31 milioi euroraino.

Zeharkako zergen bidez bildutakoak, ordea, % 29,5 egin du behera. BEZari esker, zehazki, 97 milioi euro gutxiago bildu dituzte (–% 34,2). Hidrokarburoen gaineko zergaren bidez, berriz, 63,4 milioi euro gutxiago bildu dituzte (–% 30,6), pandemiagatik erregai gutxiago kontsumitu baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zergak gaur