Ekonomia -

Gipuzkoa

Bilduk, PSEk eta Aralarrek zergak erreformatzeko akordioa egin dute

Zerga "progresiboagoak" egitea, Elkarteen gaineko Zerga erreformatzea, PFEZ zergan zuzenketak egitea eta zerga-iruzurraren kontrako egitasmo bat osatzea adostu dute.

Gipuzkoako batzarkideak, bozketaren ondoren. Argazkia: Efe
Gipuzkoako batzarkideak, bozketaren ondoren.
Gipuzkoako batzarkideak, bozketaren ondoren. Argazkia: Efe

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskalitatearen inguruko eztabaidak batu egin ditu Gipuzkoan Bildu, PSE-EE eta Aralar eta zerga "progresiboagoak" egitea adostu dute.

Aralarrek egindako proposamena izan da Bilduk eta PSE-EEk babestu dutena. Aldundiari neurriak hartzeko eskatzen diote zerga alorrean. Hori horrela, zerga "progresiboagoak", iruzur fiskalaren kontrako neurriak, PFEZ zergan zuzenketak egitea eta Elkarteen gaineko Zerga erreformatzea eskatzen dute.

EAJ abstenitu egin da bozketan proposamenari "zehaztasuna" falta zaiola argudiatuta. PPk, berriz, kontra bozkatu du.

Ekimenaren inguruko eztabaidan, Idoia Ormazabal Bilduren bozeramaileak esan du orain arteko zerga sistema "oso injustua" zela, errentaren eta kapitalaren gaineko zergak desberdinak zirelako. Beraz, "berdintasun printzipio bat" ezartzearen alde agertu da, "gehien dutenek gehiago ordain dezaten".

Ormazabalek iruzurraren kontrako borroka indartzea ere aldarrikatu du, "zerbitzu publikoak bermatzeko" neurria delako hori ere.

Itziar Agirre batzarkide jeltzaleak onartutako proposamenari "zehaztasuna" falta zaiola kritikatu du, baina zenbait puntutan eztabaidatu eta akordioetara iristeko borondatea agertu du, iruzurraren kontrako borrokan, besteak beste.

PPren aldetik Juan Carlos Canok hitz egin du eta fiskalitatea gainerako lurraldeekin parekatzea proposatu du, enpresen arteko lehiakortasuna indartzeko eta horrekin batera Ongizate Estatua mantentzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea