Ekonomia -
Euskal kutxen bat-egitea
Kutxabank entitatean barneratzea onartu du Kutxak
ELA, EB eta Aralarreko ordezkariek bat-egitearen aurka bozkatu dute eta LAB sindikatuko batzarkideak abstenitu dira. Horrela, aldeko 91 boto izan dira, kontrako bost eta bi abstentzio.
Erredakzioa
BBK eta Vital Kutxarekin batera Kutxabank entitate berrian barneratzea onartu du Kutxako ezohiko Batzar Nagusiak arratsaldean. Egitasmoak aldeko 91 boto jaso ditu, kontrako bost eta bi abstentzio izan dira.
Batzarrean 98 pertsonek parte hartu dute. Organoa 100 batzarkidek osatzen dute. ELA, EB eta Aralarreko ordezkariek bat-egitearen aurka bozkatu dute eta LAB sindikatuko batzarkideak abstenitu dira. Gainerako boto-emaileek operazioa babestu dute.
Entitate berria Espainiako finantza-sistemaren laugarren aurrezki-kutxa eta zortzigarren finantza-entitatea izango da. Operazioa urte bukaeran edo 2012ko hasieran amaituta egotea espero dute.
Iragan ostiralean bat-egitea 92 botorekin onartu zuen BBKk, eta Vital Kutxaren batzarreko 90 ordezkarik egitasmoa babestu zuten.
Bi ordezkari ez dira agertu
Kutxaren arratsaldeko batzarrean ez da ezustekorik izan, baina bi ordezkari ez dira bileran azaldu (horietako bat amatasun-bajagatik). Irailaren 13an hiru aurreki-kutxetako zuzendaritzak Bildu koalizioarekin bat-egite hotzaren proiektua onartzeko akordio batera heldu ziren.
Bilduren esanetan, Kutxabank entitate berrian gizarte ekintza eta kontrol publikoa mantentzea ahalbidetuko du akordio horrek. Era berean, hiru aurrezki-kutxetako batzarretan ezker abertzaleko ordezkarien babesa bermatu zuen akordioak.