Ekonomia -

Koronabirusa

COVID-19ko 175 positibo berri atzeman dituzte Tuterako harakintza-enpresa batean

Sindikatuek salatuta zuten Uvesa enpresak ez zituela betetzen segurtasun-neurriak; jarduera segituan geldiaraztea eskatu dute.

Uvesa enpresan atzeman dute agerraldia. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Uvesa enpresan atzeman dute agerraldia
Uvesa enpresan atzeman dute agerraldia. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uvesa harakintza-enpresaren Tuterako fabrikan egindako baheketan, COVID-19ko 175 positibo berri atzeman dituzte. Lan-arloan Nafarroan orain arte izandako agerraldirik handiena da, eta baheketa langileen artean hainbat positibo detektatu ostean egin dute.

Agerraldia atzemanda, Uvesa Taldeak ziurtatu du "prebentziozko neurri guztiak" hartu dituela, eta beharrezko protokolo guztiak jarraitu; halaber, agintarien eskura jarri da, "balizko konponbiderik onenak bilatzeko".

Hala ere, CC. OO. sindikatuak salatuta zuen, Lan Ikuskaritzaren aurrean, fabrika horretako langileak "ziurtasun-gabeziako egoeran" zeudela, COVID-19ari begira; halaber, ohartarazi zuen oinarrizko segurtasun-neurriak ez zirela betetzen ari, segurtasun-tartea edo maskara erabiltzea kasu, ez ekoizpen-lerroetan ezta jantokian ere. Hegaztiak prozesatzen dituzte lantegian.

Fabrikan, baheketa gauzatu dute, probetako "kopuru nabarmena" eginez; baina ez diete langile guztiei PCR probarik egin, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak asteazkenean zehaztu zuenez. Indurainen esanetan, PCRak borondatezkoak dira, eta, gainera, hainbat langile oporretan daude.

Azkenean, Foru Gobernuak ostegun honetan jakitera eman duenez, 175 positibo atzeman dituzte, lantegian egindako baheketa berezitik etorritako 640 laginak aztertuta.

Osasun Departamentua hartu beharreko neurriak ari da aztertzen, enpresako zuzendaritzarekin. ELA sindikatuak (gehiengoa du, zortzi ordezkarirekin; CC. OO. sindikatuak bost ditu, eta UGTk lau), baina, "jarduera segituan etetea" eskatu du, "fabrikako langileentzako eta horien senideentzako berehalako arriskua baitago, bai eta Erriberako gizartearentzako arriskua ere".

Enpresak ez balu erabaki hori hartuko, eta CC. OO. sindikatuak ere egin duenez, ELAk eskaria egingo lieke Nafarroako osasun-agintariei azken horiek esku har dezaten, eta ekoizpena eten dezaten, langileen eta horien familien segurtasuna bermatuta izan arte. Gehitu duenez, geldiketa horren ondorioak enpresak hartuko beharko lituzke bere gain.

800 langile baino gehiago

Enpresan, berezko kontratuak eta azpikontratatutako langileak zenbatuta, 800 langile baino gehiago daude. ELAren esanetan, hegazti-hiltegi hori, tenperaturaren eta kate-lanaren baldintzengatik, birusa hedatzeko oso aproposa da, munduko beste zenbait tokitan frogatu denez.

Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko teknikariak eta Lehen Mailako Arretako taldeak, aldiz, kontaktuen jarraipena ari dira egiten. Positibo eman duten batzuk ez dira Nafarroan bizi, baizik eta Aragoin, Sorian edo Errioxan, eta horrek zailtasun handiagoa gehitu dio agerraldi honetako kudeaketari; Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, proba egin dioten lantaldeko zatiaren adin-tarteei erreparatuta, eta kontuan izanik zenbat positibo atzeman dituzten, jarraipena baldintzatuta dago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Tutera argazkiak Gaixotasunak argazkiak Gizartea Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Eguneko albisteak Osasunari buruzko albisteak Koronabirusari lotutako azken orduko albisteak Osasunbidea gaur