Gizartea -

Koronabirusa

Illa: "Ondo bidean, txertoaren lehen dosiak urteko amaieran iritsiko dira"

Espainiako Osasun ministroaren esanetan, AstraZeneca farmazia-enpresaren txertoaren lehen dosiak 2020ko amaieran hel litezke Espainiara. Oxfordeko Unibertsitatean ari dira garatzen txertoa.

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa, asteazken honetan. Argazkia: EFE.
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa, asteazken honetan
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa, asteazken honetan. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak asteazken honetan esan duenez, "ondo bidean", AstraZeneca farmazia-enpresa britainiarraren lehen dosiak urteko amaieran iritsiko dira Espainiara. Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileak ari dira garatzen txerto hori.

"Baina gauzak ondo egin behar ditugu, epeei erreparatuta: Europako adituek, modu aktiboan parte hartzen diren aditu espainiarrak daude talde horretan, ikusi behar dute txertoaren egiaztapeneko azken faseek behar bezalako emaitza eman dutela", zehaztu du Osasun ministroak La Sextan, elkarrizketa batean.

Beraz, eta "ondo bidean", eta dosi bikoitzekoa den txerto horrek fase horiek gaindituz gero (egun, garapenaren 2 eta 3 faseen artean dago), "abenduaren amaieran, urte-amaieran, lehen dosiak eskuratzen egon gintezke".

Gainera, Espainia beste konpainia batzuekin ere ari da negoziatzen: "Akordio oso aurreratuak daude beste laurekin, eta beste bi edo hirurekin ere ari gara negoziatzen; uste dut ondorengo egunotan Europa mailan itxitako hainbat akordioren berri eman ahalko dugula", iragarri du.

AstraZeneca garatzen ari den txertoaren gaineko akordioa, hori bai, itxita dago jada. Illak gogora ekarri duenez, Europako Batzordeak izenpetutako memorandumen ondorioa da; memorandum horien asmoa da erdiratutako erosketa egitea, "horrek ahalbidetzen baitu erosketako masa kritikoa handiagoa izan dadila, eta konpainiekin negoziatzeko ahalmena ere handiagoa izatea". Horrez gain, herrialdeen arteko bidezko heltzea bermatu egiten du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua albisteak Espainia albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Osasunari buruzko albisteak Txertoak azken ordukoa Koronabirusaren olatua gaur