Ekonomia -
Lan-gatazka
Esmaltaciones-eko itxialdia amaitu da Ertzaintzak esku hartu eta gero
Enpresa ixteko prozesuaren aurka protesta egiteko itxialdia egitea erabaki dute langileek, izan ere, 89 pertsona lanposturik gabe geratuko dira. Itxialdia "modu baketsuan" amaitu da.
Erredakzioa
Esmaltaciones San Ignacioko enpresa-batzordeko kideek itxialdia egin dute Gasteizko lantegian. Ertzaintzak protesta bertan behera uzteko eskatu die eta langileek itxialdia amaitu dute.
Enpresa ixteko prozesuaren aurka protesta egiteko itxialdia egitea erabaki dute langileek, izan ere, 89 pertsona lanposturik gabe geratuko dira prozedura bukatutakoan.
Goizean, lantegian, bilera egin dute enpresa-batzordeko kideek eta administratzaileek. Bilera amaitu ostean, langileen ordezkariek itxialdia egitea erabaki dute lantegia ixtearen aurka protesta egiteko eta azken hilabeteetako soldatak ordaindu ez dituztela salatzeko.
18:00ak aldera Ertzaintza lantegian sartu da enpresa-batzordeko kideak identifikatzeko. Itxialdia bertan behera uzten ez bazuten lantegia indarrez hustuko zutela ohartarazi diete ertzainek.
Azkenik, 18.55ean itxialdia "modu baketsuan" eta liskarrik gabe amaitu da, Vicenta Jimenez enpresa-batzordeko presidenteak eta Herrisaingo Sailak baieztatu dutenez.
Elkarretaratzea lantegiaren kanpoaldean
Enpresa-batzordeak egindako ekintzak langileen babesa jaso du lantegiaren kanpoaldean. Langileek elkarretaratzea egin dute eta zenbait kamioiren irteera oztopatu dute goizean.
Bihar protesta berri bat egingo dute Gasteizko Justizia Jauregiaren eta lantegiko jabeen etxearen aurrean.