Ekonomia -
Lan-ezbeharrak
25 urteko langile bat hil da Trapagaranen, teilatutik behera erorita
Productos Tubularesek azpikontratatutako langile bat zen. LABek salatu du aurten iaz adina langile hil direla dagoeneko Hego Euskal Herrian.
agentziak | erredakzioa
25 urteko langile bat hil da ostiral honetan Trapagarango (Bizkaia) Productos Tubulares enpresan, 20 metroko altueran dagoen teilatu batetik behera erorita.
LAB sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, hildakoa Igorreko (Bizkaia) Langoitia Estructuras Metálicas enpresako langilea zen, Productos Tubulares enpresako azpikontrata batekoa.
Altueretatik erorita izandako istripuen kopuruak bere horretan jarraitzen duela kritikatu du LABek. Sindikatuen arabera, hori gertatzen da "berriro gerta ez daitezen neurriak hartzen ez direlako", eta Administrazioa egin du horren erantzule.
"Lan istripuak ez dira zoriaren edo kasualitatearen emaitza, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan araudiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira", gaineratu du.
LABek nabarmendu duenez, heriotza horrekin berdindu egin da Hego Euskal Herrian iaz izandako lan-istripuetan hildakoen kopurua, 2019 osoan 47 hil baitziren (Zaldibarko zabortegiko langilea zenbatu gabe, oraindik ez baitute aurkitu), eta hori COVID-19aren pandemia eragin zuen konfinamendua gorabehera.