Ekonomia -
LAN-ISTRIPUA
Productos Tubulareseko langilearen heriotza salatu dute haren lankideek
Hildakoa Productos Tubularesek azpikontratatutako 25 urteko langilea zen. Enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du astelehen honetan, lan istripua salatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Trapagarango Productos Tubulareseko enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du astelehen honetan, lantegiaren aurrean, ostiralean enpresan izan zen lan-istripua salatzeko. 25 urteko langile bat hil zen bertan.
Enpresa batzordeak gogora ekarri duenez, Productos Tubulares enpresaren instalazioetan gertatu zen istripua, Langoitia Egitura Metalikoak enpresako langilea teilatua konpontzeko lanak egiten ari zela.
ELA sindikatuko Leire Heredia ordezkariak adierazi duenez, hainbat hilabetez lan jarduna etenda egon arren, aurten 43 langile hil dira jada Hego Euskal Herrian, COVID-19ak hil dituenak zenbatu gabe. Gainera, prebentzioa lehenetsi eta bizitza erdigunean jarri behar dela azaldu du, izan ere, bere hitzetan, "gaur egungo politikek ez dute funtzionatzen". Azkenik, erakundeei eta patronalari prebentzio neurriak hartzeko eta horiek lehenesteko eskatu die.