Ekonomia -
Bilera sorta
Mendiarekin egindako bilera aintzat hartu, baina "berrikuntza eza" salatu du ELAk
Sindikatu abertzaleko idazkari nagusiak ondorioztatu du sailburu berriak Elkarrizketa Sozialerako Mahaia lehenetsiko duela, eta ohartarazi du ELA ez dela bertan bilduko.
Agentziak | Erredakzioa
Lau urte hartu-emanik eduki gabe eman ostean, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak aintzat hartu du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuarekin gaur egindako bilera, baina horren "bokazio kontinuista" deitoratu du. Lakuntza prest agertu da elkarrizketarako eta akordiorako, baina bi baldintza jarri ditu: gehiengo sindikala errespetatzea eta aurreko legegintzaldian egindako politiketan aldaketa "sakona" egitea.
Mendiak Lakuntza hartu du gaur, atzo patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin abiatutako bilera sortaren baitan.
Kazetariei egindako adierazpenetan, ELAko buruzagiak eskertu egin dio Mendiari biltzeko aukera eskaini izana. Izan ere, gogorarazi du "sindikatu honek ez duela inongo bilerarik izan azken lau urteotan aurreko gobernuko sailburuekin".
Elkarrizketarako borondate hori gorabehera, Lakuntzak deitoratu du ez duela "berrikuntzarik" ikusi Idoia Mendiaren asmoetan, eta EAJk eta PSE-EEk adostutako gobernu itunak "bokazio kontinuista" duela salatu du.
Elkarrizketa Sozialerako Mahaiari buruz (ELAk eta LABek ez dute bertan parte hartzen) galdetuta, Lakuntzak "albiste txar" bat ere badela erantzun du, hots, Mendiak erakunde horren aldeko "hautua" egiten duela. "Elkarrizketa sozial faltsu baten irudia" eman nahi du mahai horrek, Lakuntzaren hitzetan, eta sindikatu abertzalea erakunde horretara bilduko ez dela berretsi du.