Ekonomia -

Helegitea Kutxen Legeari

Bilbaok 'arreta ez desbideratzea' eskatu dio Jaurlaritzari

Bizkaiko ahaldun nagusiak gezurtatu egin ditu Carlos Aguirre Ekonomia sailburuaren hitzak eta kutxen bat-egite prozesua ez dela geldituko ziurtatu du. Gipuzkoak eta Arabak ez dute helegitea jarriko.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, gaur. Argazkia: Efe
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, gaur.
Bilbaok 'arreta desbideratzea' leporatu dio Eusko Jaurlaritzari

02:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak "arreta desbideratzea eta ardurei muzin egitea" leporatu dio Eusko Jaurlaritzari, Euskal Kutxen Legearen auziaren harira. "Eurenak" diren gaiei buruz eztabaidak abiarazteko deia egin dio Patxi Lopez buru duen Jaurlaritzari.

Bilbaok "Forum Europa.Tribuna Euskadi" gosari-informatiboan parte hartu du eta ikusleen artean gizarte, politika eta ekonomia alorreko pertsona ezagunak zeuden, Iñigo Urkullu EAJren presidentea besteak beste.

Bizkaiko Aldundiak Euskal Kutxen Legearen kontra aurkeztuko duen helegitearen inguruan, Bilbaok gezurtatu egin ditu Carlos Aguirre Ekonomia sailburuaren hitzak eta kutxen bat-egite prozesua ez dela geldituko ziurtatu du.

Ahaldun nagusiak azpimarratu du Lurralde Historikoen eskumenak eta Autonomia Estatutua urratzen dituelako aurkeztu dutela helegitea legearen kontra, baina horrek ez duela "eraginik, inola ere ez", kutxen bat-egitean, segurtasun juridiko "osoz" egiten ari baita.

Bilbaok EAEko erakundeen egitura eta zergak ere izan ditu hizpide. Bizkaiko Aldundia Gipuzkoakoarekin eta Arabakoarekin 2012rako zergen erreforma adosteko lanean ari dela iragarri du.

Ahaldun nagusiak esan du Bizkaiko ekonomiaren etorkizuna "zaila, txarra eta ezkorra" dela eta hazkundea % 0 "inguruan" kokatuko dela urteko azken hilabeteetan.

EAEko hiru aldundietako ogasunek 2012an aurten baino % 2,9 gehiago jasoko dutela espero dute, baina aurtengo aurrekontua baino % 2,6 gutxiago da hori.

EAEko erakunde sareari dagokionez, Bilbaok ez omen du ulertzen PSE-EEk aldatzeko duen "obsesioa" eta azken 31 urteetan funtzionatu duela adierazi ondoren, sozialistek azken hauteskundeetan jaso zuten "porrota ezkutatzeko ahalegina" izan daitekeela esan du.

Gipuzkoak eta Arabak ez dute helegitea jarriko

Gipuzkoako Aldundiak iragarri du ez duela helegiterik jarriko Euskal Kutxen Legearen kontra, baina Martin Garitano ahaldun nagusiak, ordea, Bilduri proiektuaren negoziaketan parte hartzen utz diezaiotela eskatu du, nahiz eta koalizioak Legebiltzarrean ordezkaritzarik ez izan.

Arabako Aldundiak iragarri du ez duela helegitea aurkeztuko Euskal Kutxen Legearen kontra, testuak izan ditzakeen hutsuneak Legebiltzarrean konpon daitezkeela iritzita. Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak eman du erabakiaren berri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea