Ekonomia -
Zerbitzuen bikoizketa
Sistema 'hankaz gora' jarri nahi izatea leporatu dio Bizkaiak PSEri
Arabako diputatu nagusiak begi onez jaso du txostena egin izana, nahiz eta "hauteskunde kutxua" atzeman dion. Garitanok (Gipuzkoa) ez du gai honi buruz adierazpenik egin.
Erredakzioa
"Baliagarri" izan den sistema "hankaz gora" jartzeko "obsesioa" leporatu dio Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak PSEri eta "aldaketa planteatzeko obsesioaren arrazoiak" galdetu egin dizkie sozialistei.
Jaurlaritzak atzo Bikoizketen inguruko txostena kaleratu zuen. "Iragan maiatzeko hauteskundeetako porrota ezkutatzea izan daiteke PSEk duen helburu bakarra", esan du Jose Luis Bilbaok.
Txostenaren nondik norakoak ezagutzen ez dituela esan du Bilbaok, baina dokumentua argitaratzea "kezkagarria" dela esan du. Txostenaren arabera, Euskadin lan egiten duten udaltzainen kopuru zehatza ez da ezagutzen. "Galdetzea besterik ez dute", erantzun du Bilbaok.
Bestalde, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak ez du gai honi buruz adierazpenik egin nahi. Hori bai, 2012. urtean Gipuzkoako Udalei diru gehiago emango diotela iragarri du Gipuzkoako agintariak.
Javier De Andres Arabako diputatu nagusiak begi onez jaso du txostena egin izana, nahiz eta "hauteskunde kutxua" atzeman dion. Datorren urteko aurrekontua Arabak bere eskuduntzetara mugatuko duela esan du De Andresek.
De Andresen ustez, zerbitzu bikoizketen aurka lanean ari den bakarra Jaurlaritza dela aditzera eman nahi izan dutela kritikatu du. Diputazioak desagertzearen aldeko jarrera ere antzeman dio Patxi Lopez lehendakariari.