Ekonomia -
Bizkaia
Bombardier Trapagaranek New Jerseyrako zortzi tren-makinen bihurgailuak egingo ditu
Tren-makina berrien trakzio-bihurgailua transformadore duala da, eta, horri esker, tren-makinak linea elektrifikatuetan zein elektrifikatu gabe daudenetan lan egin dezake.
Agentziak | Erredakzioa
Trapagarango (Bizkaia) Bombardier bikaintasun zentroa arduratuko da konpainiak New Jersey Transit Corporation (NJ Transit) enpresarentzat ekoitziko dituen zortzi lokomotor ekologikoen trakzio-bihurgailua fabrikatzeaz eta hornitzeaz. Eskaera 2022an entregatzea aurreikusi dute.
Bombardier Transportationek jakinarazi duenez, enpresak New Jersey Transit Corporationekin 2008tik duen akordioa zabaltzea da enkarguaren helburua, eta Bombardier ALP-45 potentzia bikoitzeko zortzi tren-makina gehigarriak gaur egun flota osatzen duten 52 makinei gehituko zaizkie.
Trapagarango lantegiak egingo dituen bihurgailuak trenaren funtzio operatiboak kontrolatzeaz arduratzen dira. Potentzia bikoitzeko lokomotorrek gas gutxiago isurtzen dute eta bidaiariei New Jersey eta New York arteko tren-aldaketak ekiditea ahalbidetzen diete.
Tren-makina berrien trakzio-bihurgailua transformadore duala da, eta, horri esker, tren-makinak linea elektrifikatuetan zein elektrifikatu gabe daudenetan lan egin dezake. Gainera, Bizkaiko lantegiak TCMS sistema hornituko du, ibilgailuaren funtzio operatibo guztiak kontrolatzen dituena, eta makinaren 'garuna' izango da.
Potentzia bikoitzeko tren-makina berriek korronte alternoko energia elektrikoarekin zein diesel energiarekin lan egiteko gai dira, eta horri esker CO2 emisioak nabarmen murrizten dituzte. Era berean, horiek ordeztuko dituzten unitateen potentzia, azelerazio eta segurtasunarekin alderatuta, nabarmen handiagoak eskainiko dituzte.
Bere energia hornidura sistemari esker, tren-makinek NJ Transitek kudeatzen duen tren sistema osoan lan egin ahalko dute, horrela, bidaiariek New Jersey eta Penn geltokiaren artean bidaiatu ahalko dute, trenez aldatu beharrik izan gabe.