Ekonomia -

Nazioarteko Diru Funtsa

Europako Estatuen zorra erosiko ez duela azaldu du NDFk

Antonio Borges NDFko Europako zuzendariak azaldu duenez, finantza-arazoak dituzten herrialdeen zor publikoa erosteko aukera ez dute aztertu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Borges Nazioarteko Diru Funtsako (NDF) Europako zuzendariak gaur azaldu duenez, Finantza Egonkortasunerako Europako Fondoarekin (FEEF) batera finantza-arazoak dituzten herrialdeen zor publikoa erosteko aukera ez dute aztertu.

"Aurretik egin ditudan adierazpenak azaltzea utz iezadazue. Baliabideak herrialdeei utz diezaieke soilik NDFk, eta ezin ditu baliabide horiek erabili bonoen merkatuetan zuzenean esku hartzeko", azaldu du Borgesek komunikatu batean.

Europako ekonomia aurrikuspenen txostena aurkeztu du Borgesek gaur Bruselan eta Espainiako eta Italiako zorra erosteko aukera zabalik utzi du prentsaurrekoan, baina ukatu egin du ondorengo komunikatuan.

Finantza Egonkortasunerako Europako Fondoa

"Laguntza eskatu diguten zenbait herrialderi dirua maileguz ematen ari gara. Euroguneko kideen beste eskakizunik ez dugu jaso eta FEEFrekin batera parte-hartzeko aukerarik ez dugu aztertu", gaineratu du.

2012an eta urte bukaeran Europako ekonomia motelduko dela iragarri du NDFren txostenak. Horrela, Europako Banku Zentralak (EBZ) diru politikak "lasaitu" behar dituela adierazi du, NDFk arriskuan diren ekonomiengan eragina txikitzeko eta herrialde nagusien hazkundea bultzatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea