Ekonomia -

EKONOMIA

Ramiro Gonzalezek baztertu egin du zerga erreforma "sakona" egitea

Dena dela, zenbait aldaketa iragarri ditu Arabako ahaldun nagusiak, tartean, 8,2 milioi euroko salbuespenak autonomoentzat. Gainera, "fiskalitate berdea"ren inguruko hainbat neurri ezagutarazi ditu.

Ramiro Gonzalezek baztertu egin du zerga erreforma "sakona" egitea. Argazkia: EFE
Ramiro Gonzalezek baztertu egin du zerga erreforma "sakona" egitea.
Ramiro Gonzalezek baztertu egin du zerga erreforma "sakona" egitea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak adierazi duenez, pandemiak eragindako egoera dela eta, une honetan "ez da egokia erreforma fiskal sakon bati ekitea". Hala ere, zerga aldaketa zehatz batzuk egingo dituztela iragarri du, besteak beste, autonomoentzat hirugarren hiruhilekoko PFEZaren ordainketa zatikatua salbuestea, 8,2 milioi euroko eragin ekonomikoa izan baitu neurri horrek.

Arabako Batzar Nagusietako politika orokorreko eztabaidan eman du Gonzalezek neurri horren berri. Hitzaldia koronabirusaren krisiaren ondorioei buruzkoa izan da, batik bat, eta Foru Gobernuak arlo sozial, ekonomiko eta soziosanitariotik aurre egiteko aurreikusitako neurrien inguruan mintzatu da batez ere.  

Zergei dagokionez, ahaldun nagusiak gogorarazi du euskal erakundeek 2017ko zerga erreformaren emaitzak aztertzeko konpromisoa hartu zutela, eredu fiskalaren aldaketa berri bat abian jartzeko.

"Plangintza aldaketa"

Hala ere, pandemiak "aurreikusitako plangintzen aldaketa" ekarri duela esan du Gonzalezek, eta aztertuko duten arren, ez dutela sistema erabat aldatuko gaineratu du. "Une honetan ez da egokia fiskalitatean aldaketa sakonak egitea", gaineratu du.

Nolanahi ere, fiskalitatea "politika publikoak lurralde batek behar dituen lehentasunetara bideratzeko tresna baliagarria" dela onartu du.

Era horretan, Foru Gobernua 'fiskalitate berdeari' dagozkion hainbat neurri lantzen ari dela azaldu du. Ekimen horien artean, Araban kokatutako enpresetako langileek ibilgailu pribatuaren ordez bizikleta edo garraio publikoa erabiltzea sustatzeko laguntza fiskalak diseinatzea dago, lantokira joateko baliabide gisa.

Jenderik gabeko guneak

Fiskalitate berdeko neurri horiez gain, Aldundiak lanean jarraituko du despopulatze-arrisku gehien jasaten duten guneei trataera fiskal bereizia emateko, baita landa-eremuan bizi diren familiei pizgarriak emateko ere.

Bestalde, autonomoek dituzten "zailtasunen" aurrean, kolektibo horrek PFEZaren hirugarren ordainketa zatikatuaren salbuespena jasoko duela iragarri du.

Neurria datorren asteko Gobernu Kontseiluan onartuko dute. Autonomoek ez dute ordaindu beharko 2020ko hirugarren hiruhilekoari dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) ordainketa zatikatua, hasiera batean urriaren 26rako aurreikusita zegoena. Neurri horren eragina 8.250.000 eurokoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Araba Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zerga politika gaur