Ekonomia -

Iragarpena

Udalek banketxean dituzten soberakinak erabili ahalko dituzte

Ogasun ministroak nabarmendu duenez, tokiko erakundeek ez dute mugarik izango soberakinok erabiltzeko orduan.

Udalek banketxeetan dituzten soberakinak erabili ahalko dituzte. Argazkia: Iban García
Donostiako udaletxea
Udalek banketxeetan dituzten soberakinak erabili ahalko dituzte. Argazkia: Iban García

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udalek banketxean dituzten soberakinak erabili ahalko dituztela iragarri du gaur Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko Ogasun ministroak. Azaldu duenez, 2020 eta 2021 urteetako arau fiskalak bertan behera utziko dituzte, eta ondoren, tokiko erakundeek eskuragarri izango dute dirutza, "mugarik gabe", gainera.

Kongresuan eskainitako prentsaurreko batean, "albiste ona" dela azpimarratu du ministroak. Horren ustez, "zentzugabekeria zen dirua banketxean eduki eta ezin erabiltzea". 

Hori horrela, Espainiako Gobernuak 2020 eta 2021 urteetarako aurrez ezarritako defizit eta zorpetze helburuak indargabetuko ditu, erakunde publiko guzti arau fiskalak bertan behera utzita. Europako Batzordeak emandako gomendioari jarraiki hartu du erabakia Espainiako Gobernuak. Ministroak espero du "aurrekaririk gabeko" erabaki honek Kongresuaren "gehiengo zabal" baten babesa edukitzea eztabaida eta bozketa egunean.

Aurrez ezarritako defizit helburuak indargabetuta ere, Monterok argitu du erreferentziazko batzuk emango dituztela.

Iragarpena Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren bileraren aurretik egin du Espainiako Gobernuak. Batzarrean zorpetze eta defizit mailen inguruko mugak ezarriko dituzte Jaurlaritzak eta Sanchezen gobernuak.

Soberakinak erabili ahal izatea, aspaldiko eskaera

Aspaldikoa da banketxeko soberakinak erabili ahal izateko eskaera udalen partetik, baina ageriago geratu da koronabirusaren pandemiaren ondotik. Iraila hasieran gai horren inguruan Espainiako Gobernuak proposatutako dekretua atzera bota zuen oposizioak. Orduko hartan, soberakinok Espainiako Gobernuaren esku geratzea proposatu zuen koalizio gobernuak.

Urteotan udalek ezin izan dituzte soberakinak erabili, defizita saihesteko eta Konstituzioak eta aurrekontuaren egonkortasunerako legeak hala agintzen zuelako. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa