Ekonomia -

Lan-gatazka

Gestampek Zamudion dituen lantegiak ixtea ekiditeko borroka egingo dute sindikatuek

Sindikatuek zuzendaritzaren bertsioa ukatu dute eta lantegiak irekita mantentzeko beste lan badagoela azpimarratu dute. Langileen asanblada egingo dute ostegun honetan.

Gestampek Zamudion duen lantegia. Argazkia: Wikimedia
Gestampek Zamudion duen lantegia.
Gestampeko langileek mobilizazioak iragarri dituzte

1:40

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB eta ELA sindikatuek iragarri dute Gestampek Zamudion dituen bi lantegiak ixtea saihesteko borroka egingo dutela. Bi fabriketako enpresa-batzordeek langileekin asanblada bateratua egingo dute ostegun honetan.  

Zuzendaritzak atzo jakinarazi zien sindikatuei GTS eta Matricerias Deusto lantegiak itxi egin nahi dituela eta, ondorioz, 230 behargin kaleratuko dituela. Gutun bidez egindako jakinarazpenean zazpi eguneko epea eman diete kaleratzeak negoziatzeko talde negoziatzaileak osa ditzaten.

Enpresak dio arazo ekonomikoak, produkziokoak eta antolakuntzakoak dituela, automobilgintza sektorean bizi duen krisiaren ondorioz. Krisia egiturazkoa dela eta pandemiaren aurretik hasi zela, baina COVID-19aren izurriteak egoera okertzea eragin duela zehaztu du.

Horrela, bada, kaleratzeak gauzatzea "ezinbestekoa" dela eta "justifikatuta" dagoela azpimarratu du.

Bi lantegiak bideragarriak dira, sindikatuen arabera

Testuinguru honetan, bi enpresa-batzordeek bilerak egin dituzte nork bere aldetik eta ostegun honetan langileen asanblada bateratua deitzea erabaki dute, egoera aztertzeko eta kaleratzeen iragarpenari eman beharreko erantzuna definitzeko.

Iratxe Azkue LAB sindikatuko ordezkariak ziurtatu du langileek beren lanpostuen defentsan "borroka" egingo dutela eta ohartarazi du bi enpresak ixteko arrazoirik ez dagoela.

Ildo horretan, gogora ekarri du 2014an industria-plan bat negoziatu zutela bi lantegien etorkizuna bermatzeko eta akordio horrek 2022ra arteko indarraldia zuela. Hala, ituna hautsi izana leporatu dio zuzendaritzari.

Horrez gain, onartezintzat jo du enpresak ustezko galerez hitz egitea, "iaz 212 milioiko irabazi netoa izan zuelako".  Lanik ez dagoela ere gezurra dela esan du. "Taldea oso handia da eta lana bere interesen arabera banatzen du, lantegi batzuen itxiera justifikatu ahal izateko", kritikatu du.  

Mikel Etxebarria ELA sindikatuko ordezkariak ere antzeko adierazpenak egin ditu, eta azpimarratu egin du bi enpresak irekita mantentzeko beste lan badagoela eta horren erakusgarri dela zuzendaritzak aurrez aldi baterako lan-erregulaziorik aurkeztu ez izana.

"Gestampek irabazi handiak izan ditu eta guk kaleratzeak saihesteko borroka egingo dugu", erantsi du.

Bestalde, Gestamp Taldeak 22 lantegi (6.000 langile) ditu Espainiako Estatuan, baina EFE agentziari esan dio Zamudioko lantegiak soilik itxiko dituela.

Gestampek Bizkaian hainbat fabrika dauzka: Zamudion, Erandion, Gallartan, Derion, Muskizen eta Abadiñon. Azken hori da handiena, 2.000 behargin baititu.

Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak jaso ditu Gestampek

Gestamp Taldearen iragarpenak haserrea eragin du Eusko Jaurlaritzan; izan ere, duela gutxi enpresa horri 8 milioi euroko diru-laguntza emateko ituna egin zuten.  

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Iñigo Urkullu lehendakariak esan du konpainiako arduradunekin hitz egingo dutela, "diru publikoa jasotzen duten heinean, Eusko Jaurlaritzarekin konpromiso bat dutelako".

"Zer gertatu den eta diru hori baldintzatuta dagoen ala ez jakin nahi dugu", esan du.

Arantxa Tapia Ekonomia Jasangarriaren Garapenerako sailburuak adierazi du bazekitela enpresak zailtasunak zituela, baina erantsi du ez dutela atzoko erabakiaren berririk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bizkaia ELA LAB Lana Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zamudio Sindikatuak Enpresaburuak Lan gatazkak