Ekonomia -

Aldundia

Aurrekontuan 96 milioiko zuloa dagoela onartu du Arabako Aldundiak

Ogasun diputatuak esan du ez dela Ondarearen gaineko Zerga berreskuratzearen aldekoa, baina PFEZ "ukitzea" eta Elkarteen gaineko Zerga aldatzea babestu du dirua berreskuratze aldera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Zurita Arabako Ogasun diputatuak jakinarazi du aurrekontuan 96 milioi euroko zuloa atzeman dutela, eta ondorioz 2012ko aurrekontuak osatzeko "zuhurtzia guztiz" jokatuko dutela hitz eman du.

Zuritak agerraldia egin du Arabako Batzar Nagusietan Aldundiaren egoera ekonomikoaren berri emateko eta zerga alorrean PPk dituen asmoak argitzeko.

96 milioi euroko zuloa honela banatu du Ogasun diputatuak: 20 milioi zerga-bilketaren beherakadagatik, beste 20 milioi euro Rover auziagatik Estatuari eman behar zaiolako BEZa eta 56 milioi opor fiskalengatik.

Zerga alorrean egin ditzaketen balizko aldaketen harira, Zuritak esan du ez dela Ondarearen gaineko Zerga berreskuratzearen aldekoa, baina Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga "ukitzea" eta Elkarteen gaineko Zerga aldatzea babestu du dirua berreskuratze aldera.

Zuritak aitortu du Arabako Aldundiko Ogasunaren egoera "larria" dela, Opor Fiskalaren zuloari aurre egiteko dirurik ez daukalako.

Azaldu duenez, Arabako Aldundiaren aurreko Gobernuak (EAJ) 80 milioi euro errekuperatu zituen, baina, gaineratu duenez, "gastatu egin zituzten". Orain, Eusko Jaurlaritzari 56 milioi euro bueltatzeko dirurik ez daukala esan du Arabako Foru Aldundiak.

Dirua bueltatu ahal izateko formulak aztertuko ditu Diputazioak eta egoera euskal finantzen Batzordera eramango du. Hala ere, 2012ko Aurrekontuetan "nabarituko da" 96 milioiko zuloaren "itzala".

Bestalde, opor fiskalengatik berreskuratutako dirua ez zuela gastatu erantzun du EAJk. Izan ere, 68 milioi euro utzi zituzten jeltzaleek Arabako Foru Aldundiko diru-kutxan.

PPk egindako adierazpenen harira "gezurra" direla erantzun du EAJk. Popularrei egoera ez "konplikatzeko" exijitu die eta "proposamen zehatzak" aurkezteko eskatu die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea