Politika -
Foru aurrekontua
Gipuzkoako Ogasunak 100 milioi euroko desoreka bat salatu du
Markel Olano ahaldun nagusi ohiak, berriz, "zorroztasun falta" egotzi dio Gipuzkoako Aldundiari (Bilduren esku dago). Olanoren esanetan, diru-kutxen egoeraren "interpretazio irreala" egin dute.
Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu berriak (Bilduren esku dago) asteazken honetan jakinarazi duenez, foru aurrekontuetan 100 milioi euroko desoreka aurkitu dute. Helena Franco Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak eta Larraitz Ugarte foru bozeramaileak aditzera eman dutenez, "alarmismoetan sartu gabe, egoera makala da", espero zuten baino "okerragoa".
Haien esanetan, hori ez du "kalkuluak egiteko orduan izandako akats batek eragin", baizik eta aurreko Gobernuak (EAJ eta H1!) izandako jarrera "arduragabe eta axolagabeak".
Francok zehaztu duenez, 100 milioi euroko desoreka horren ondorioz (35 milioi euro gastuek gora egin dutelako eta 66 milioi euro diru bilketak behera egin duelako), gastuak berriz antolatu beharko dituzte, politika sozialari eta garraio publikoa suspertzeari "lehentasuna" emateko eta bestelako inbertsioak "baztertzeko".
Horrela, Hernaniko eta Andoaingo hainbat errepidetarako, bidegorri batzuetarako eta zenbait ur-azpiegituratarako partidak kenduko dituzte. Foru Gobernuak azpimarratu duenez, zorra ez handitzea da asmoa. Gipuzkoako Ogasun Departamentuko buruak nabarmendu duenez, oraingo aurrekontua aurreko foru arduradunek egin zuten.
Aldundiaren "zorroztasun falta"
Bestalde, Markel Olano (EAJ) Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiak eta Peio Gonzalez (H1!) Ogasun Departamentuko foru diputatu ohiak "zorroztasun falta nabaria" egotzi diote Gipuzkoako egungo Aldundiari. Horien esanetan, "kontuak aurkezteko eta aztertzeko orduan diru-kutxen egoeraren gaineko interpretazio irreala" aurkeztu dute.
Hauen iritzian, "Gobernuak erakutsitako informazio gabezia eta harrokeria kezkagarriak dira". "Inolako oinarririk gabe, iritzi publikoan uste faltsu bat hedatu nahi dute", gaineratu du Olanok.
Olanok eta Gonzalezek "bildutako diruaren beherakada beren ezgaitasuna zuritzeko aitzakiatzat" ez erabiltzeko exijitu diote Aldundiko lan talde berriari.