Ekonomia -

EB

Jaurlaritzak 11.603 milioiko kostua duten proiektuetarako eskatu ditu EBren funtsak

Abiadura Handiko Trena, Bilboko Itsasadarraren bi aldeak lotuko dituen tunela edo Iberdrolarekin batera egingo dituen hainbat proiektu jaso ditu eskaeran, beste batzuen artean.

AHT. Argazkia: EiTB
AHT. Argazkia: EiTB
Euskadik Europako berreraikuntza funtsetik 11.600 milioi euro eskatu ditu

1:18

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 66 proiektu "motore" jaso ditu Europar Batasunaren berreraikuntza funtsak jasotzeko eskaeraren zerrendan, guztira 11.603 milioi euroko kostua dutenak. Dena den, Espainiako Gobernuaren iragazkia pasatu beharko du txostenak EBra iritsi baino lehenago.

Iñigo Urkulluren Jaurlaritzak epe laburrean martxan jar daitezkeen proiektuen zerrenda egin du, "ingurugiro eta teknologia digitaletarako trantsizioak oinarri, eta lurraldearen eta kohesio sozialaren ikuspegitik ekonomia eta enplegua sustatzeko helburuarekin".

Hiru taldetan banatzen da zerrenda: 2030era arte 3.490 milioi euroko inbertsioa izango duten euskal erakundeek finantzatutako 33 proiektu; Espainiako Gobernuak sustatutako 2.712 milioi euroko 8 proiektu; eta diru publikoa eta pribatua uztartzen dituen beste 25 proiektu (5.401 milioi euro), EH Bilduk eskatuta lehendakariak jakinarazi duenez.

Zerrenda abuztuan igorri zioten Espainiako Gobernuari, eta hori izango da erkidegoek bidalitako proiektu guztien artean aukeraketa egingo duena gero Europar Batasunari proposatzeko. Azken hori izango da zein ekimen eta zenbat dirurekin babestuko duen erabakiko duena.

EAEko diru publikoarekin trantsizio ekologikoaren alorrean sustatutako proiektuen artean, nagusia 700 milioi eurokoa izango da, eta erabili gabe dagoen industria lurzorua birgaitzera egongo litzateke bideratuta.

Espainiako Gobernuak sustatutako proiektuen artean daude AHTren lotura Bilboko Portuarekin, Hegoaldeko Saihesbidea (802 milioi euro), AHTren sarrera Gasteizen eta Bilbon, edo geltokien eraikuntza (556 eta 509 milioi euro, hurrenez hurren), eta AHTren loturak Basauri Bilborekin (275.5) eta Arkaute lotunearekin (235).

Garraio azpiegituren atal horretan bertan daude Bilboko Itsasadarren bi aldeak lotuko dituen tunela (403 milioi euro), edo Hegoaldeko Saihesbidearen bigarren fasea, aipatu tunelarekin, AP-8arekin eta AP-68arekin lotzeko (187 milioi euro).

Kapital publiko-pribatua duten ekimenen artean, azpimarragarria da Iberdrolarekin batera egingo duten Green Deal I-DE proiektua, sareak digitalizatzeko (1.763 milioi euro), eta ioi-litiozko bateriak egiteko lantegiaren eraikuntza Iberdrolarekin berarekin, Mercedesekin, CIErekin, Petronorrekin, Enagasekin, Irizarrekin eta Ingeteamekin batera (1.120 milioi euro).

Trantsizio energetikoaren arloan kokatzen da, era berean, Aixeindar proiektua, EAEn 5 parke eoliko eraikitzeko, Iberdrolarekin batera oraingoan ere (270 milioi euro), eta hidrogeno pasabide bat eta deskarbonizazio eremu bat sortzeko proiektua Petronorrekin elkarlanean (400 milioi euro).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak