Publizitatea
Itxi

2020/10/06

14:06

Ekonomia

Aurrekontuen gidalerroak

Jaurlaritzak austeritatea baztertuko du 2021eko aurrekontuetan

EITB.EUS

Ekonomia eta Ogasun sailburuak iragarri du "aurrekontu ausartak" izango direla, zenbakirik zehaztu ez badu ere. Osasunaren eta hezkuntzaren alde egingo dutela ere esan du Azpiazuk.

1:36
Azpiazu, gaurko agerraldian. EITBren bideo batetik hartutako argazkia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak iragarri duenez, EAEko aurrekontuen 2021erako proiektuak austeritatea eta murrizketak baztertuko ditu. "Austeritatea ez da gure bidea izango", erantsi du. Azpiazuk aurreratu du osasunaren eta hezkuntzaren alde egingo duela Jaurlaritzak, horiek baitira, horren hitzetan, "herritarren kezka iturri nagusiak".

Azpiazu Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramailearekin batera azaldu da gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoan. Agerraldian aurrekontu proiektuaren gidalerroak aurreratu ditu Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Aurreikusitakoaren arabera, Jaurlaritzak abenduaren 15ean onartuko du proiektua, eta hiru egun geroago hasiko da Legebiltzarrean izapidetzen.

Ekonomia eta Ogasun Saileko buruak aitortu du datorren urteko aurrekontuak "erronka handia" direla Jaurlaritzarentzat, baina COVID-19ak eragindako osasun krisia eta horren ondorio ekonomikoak "aukera gisa" hartzearen alde egin du. "Krisia, eraldaketa energetiko-ekologikoaren, eraldaketa digitalaren eta gure ongizate-estatuaren erresilientzia indartzeko beharraren erronkei aurre egiteko eta krisi orok sortzen dituen desberdintasunak arintzeko aukera gisa hartuko da", azaldu du.

Horrez gain, Azpiazuk iragarri du hezkuntzaren eta osasunaren aurrekontuek "bultzada handia" izango dutela 2021ean.

Sailburuak ez du zenbaki zehatzik aurreratu. Azaldu duenez, "oraindik ez dakigu zer diru-sarrera izango dituen Jaurlaritzak Foru Aldundien ekarpenen bitartez, urriaren 15ean itxiko baitira", eta Europatik etor litezkeen diru-sarrera gehigarriak zehazteke daude. 

Next Generation EU Funtsaren Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismotik etor litezkeen diru-sarreren inguruan galdetu diote Azpiazuri. Horren kontura, "lasaitasuna" eskatu du, izan ere, "urduri" ikusten ditu erakunde eta enpresa pribatuak. Azpiazuren esanetan, "Lasai egon behar gara, gauza batzuk lasaitasunez egiten badira hobeto ateratzen dira".

Era berean, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan defizitaren eta zorpetze mugaren inguruan lortutako akordioa goraipatu du Azpiazuk. Horren arabera, defizita % 2,2koa (1.600 milioi euro) eta % 16,9ko zor-muga izango du Euskadik. Horri esker, 12.440 milioira heldu ahalko da zorra. Horrez gain, Europak 2020ko eta 2021eko zerga-arauak ezabatu izana albiste "ontzat" jo du Azpiazuk. Izan ere, "egoerak okerrera egingo balu, posible izango litzateke erreferentzia-tasa horiek malgutzea", azaldu du.

Sei lan ildo

Aurrekontuak prestatzeko orduan sei ardatz izango ditu Jaurlaritzak, Azpiazuren hitzetan: politika soziala, energia, eraldaketa energetikoa, eraldaketa digitala, kalitatezko enplegua, berdintasuna eta ekonomia.

"Inbertsioetan ahalegin handia" egingo du Urkulluren Gobernuak, betiere austeritatea eta murrizketak baztertuta.

Azpiazuk nabarmendu du aurrekontuek "trantsizio digitalaren eta energetikoaren aldeko apustu garbia" jasoko dutela. "Erronka, Euskadi energia berriztagarrien, eolikoaren, biomasaren, eguzki-energia fotovoltaikoaren, geotermikoaren eta itsasokoaren sorkuntzan erreferente industrial eta teknologiko bihurtzea da", adierazi du.

Horrez gain, eraldaketa digitalaren aldeko apustu irmoa egingo dute, eta adimen artifizialean, big datan, gauzen Internetean, 5G teknologietan, sistema ziberfisikoetan eta zibersegurtasunean aurrera egiteko "aukera-nitxo gisa" planteatuko dituzte. Horren erakusle, I+Gra bideratutako ahalegina % 6 handituko dela iragarri du Azpiazuk. 

Gizarte arloan, aurrekontuek aukera-berdintasunari helduko diote, hezkuntza eta osasun zerbitzu publikoak "era bidezkoan" eskuratu ahal izateko. Gainera, desagerrarazi behar diren desberdintasun sozialak dakartzaten arrakalak arintzeko/ezabatzeko lanean jarraituko du Jaurlaritzak: soldata, gizarte-maila, genero, belaunaldi, digital eta lurralde arloetako arrakalak. Halaber, kalitatezko enpleguaren alde lan egingo dute, egonkortasuna eta baldintza duinak bermatuz; familiako eta laneko bizitza uztatzea ahalbideratuz, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bilatuz.

Langile publikoen soldatari buruz galdetuta, Azpiazuk gogorarazi du azken hitza Espainiako Gobernuak duela, eta Jaurlaritzak ez duela jaitsierarik aurreikusten. Dena dela, ohartarazi du balizko izozte batek ez liokeela erosmen-ahalmenari eragingo, prezioek beheranzko joera baitute. 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena