Politika -

XII. legegintzaldia

Jaurlaritza berriaren lehentasunak: legegintza egutegia eta aurrekontuak

Aurretik, baina, gobernu programa adostu beharko dute, EAJk eta PSE-EEk hitzartutako ituna oinarri hartuta.

Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EFE
Jaurlaritza berriaren lehentasunak: legegintza egutegia eta aurrekontuak
Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legegintzaldiaren aurreneko 100 egunetan gauzatu beharko dituen eginkizun nagusiak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak. Datozen lau urteetako gobernu programa adostu beharko du, lehendabizi; legegintza egutegia zehaztuko du, ondoren, eta 2021eko aurrekontuetarako oinarriak itunduko ditu, azkenik.

Iñigo Urkullu lehendakariak zuzenduta, XII. legealdiko bigarren Gobernu Kontseilua egin dute astearte honetan. Bilkura bukatutakoan, Jaurlaritzako bozeramaile gisa hitz egin du estreinakoz Bingen Zupiriak.

Agerraldian, gobernu berriak hitzartutako akordio nagusien berri eman du Kultura eta Hizkuntza Politikako arduradun ere badenak. Zupiriaren esanetan, bigarren bilera honetan, legegintzaldiaren lehen 100 egunetarako Jaurlaritzak dituen eginbeharrak eta helburuak zehaztu ditu Urkulluk.

Lehenik eta behin, gobernu programa itxiko dute, EAJk eta PSE-EEk hitzartutako ituna oinarri hartuta. Horrela, datozen lau urteetarako dituzten konpromisoak definituko dituzte.

Bigarrenik, legegintzaldi honetan Jaurlaritzak onartuko dituen lege aurreproiektuak zehaztuko dituzte. Zupiriak gogora ekarri du egitasmo horietako batzuk koalizio akordioan jaso zituztela, eta horietako askok, gainera, aurreko legealdian hartutako konpromisoetan dutela jatorria; besteak beste, Hezkuntza lege berriak.

Hirugarrenik eta azkenik, Pedro Azpiazuk zuzendutako Ekonomia eta Ogasun Sailak ildo ekonomikoak landu beharko ditu, 2021eko aurrekontuei begira. Zupiriak azpimarratu duenez, aurrekontu proiektua aurkeztu aurretik, garrantzitsua da diru-sarreren aurreikuspena egitea eta Espainiako Gobernuarekin batera defizita eta zorpetze ahalmena adostea.

"Gobernu programa, legegintza egutegia eta 2021eko aurrekontuen oinarriak dira, beraz, datozen 100 egunetarako Jaurlaritzak dituen egiteko nagusiak", laburbildu du.

Halaber, esan du Legebiltzarreko sailburu bakoitzak bere proiektuak jendaurrean aurkeztea erabaki dutela gaurko bileran.

Bukatzeko, Zupiriak nabarmendu du demokrazia garaian izan duen erronka nagusiari egin beharko diola aurre euskal gizarteak; hots, koronabirusaren pandemiari eta horrek ekarriko dituen ondorioei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Ekonomia PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak