Ekonomia -

LAN GATAZKA

Bilboko Portuko zamaketarien greba erabateko jarraipena izaten ari da

OUTPB-Koordinadora, UGT, LAB eta KAIA sindikatuek azpimarratu dutenez, eguneko lehendabiziko lanuztearekin bat eginez, Bilboko Portua erabat gelditu da.

Bilboko Portua. Artxiboko argazkia: EFE
Bilboko Portua
Bilboko Portuko zamaketariek bi orduko lanuztea egin dute gaur

1:8

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan txanda bakoitzean bi orduko lanuzteak egiten ari dira gaur Bilboko Portuko zamaketariak, lan-hitzarmena "ez dela betetzen" ari salatzeko. Grebaren jarraipena erabatekoa izan da goizeko lehendabiziko lanuztean, OUTPB-Koordinadora, UGT, LAB eta KAIA sindikatuek jakinarazi dutenez.

OUTPB-Koordinadora, UGT, LAB eta KAIA sindikatuek egin dute grebarako deia, ELA deialditik bereizi egin baita. Gaur hasi eta urriaren 25ean arte egingo dituzte mobilizazioak, egun batzuetan lan txanda bakoitzean bi orduko lanuzteak egingo dituzte eta beste batzuetan, ostera, 24 orduko grebak.

Lehendabizikoa gaurkoa da eta bi orduko lanuzteak egiten ari dira txanda bakoitzean. Urriaren 13an, 19an eta 20an ere bi orduko lanuzteak egingo dituzte. Urriaren 10ean, 11n, 14an, 15ean, 16an, 17an, 18an, 21ean, 22an, 23an, 24an eta 25ean, berriz, 24 orduko lanuzteak egingo dituzte.

Gaurko lanuzteak ordu hauetarako daude aurreikusita: 09:00etatik 11:00etara, 15:00etatik 17:00etara, 21:00etatik 23:00etara eta 03:00etatik 05:00etara. Lanuzteez gain, zamaketariek elkarretaratzeak egingo dituzte Bilboko Portuko biribilgune nagusian.

UGT sindikatuko iturriek zabaldutako informazioaren arabera, 09:00etatik 11:00etarako lanuztearen jarraipena "erabatekoa" izan da eta Bilboko Portua "gelditu" egin da.

Atzo, aurrepausorik gabe amaitu zen greba batzordeak, Bilboestibak eta zamaketarien lau enpresek (CSP, Berge, SLP eta Toro eta Betolaza) egindako bilera. Arratsaldeko azken orduan, proposamen bat igorri zieten langileen ordezkariei baina atzera bota zuten "eskasa" zela iritzita.

UGTko iturriek adierazi dutenez, proposamen hori ez da "aurrerapausoa" eta "abuztukoa baino okerragoa ere bada". Zentzu horretan, jendea borrokarekin aurrera jarraitzeko "kontzientziatuta" dagoela adierazi du.

Mobilizazio horiekin hitzarmenaren "etengabeko urraketak" salatu nahi dituzte, batez ere, atseden egunei eta langile kopuruari dagokienez.

Bestalde, behin-behinekotasunak gora egin duela kritikatu dute, batez ere azken bi hilabeteetan, eta makinak baldintza "negargarrietan" daudela salatu dute. Horrekin batera, Bilboko Portuko Enplegu Zentroa "desegiteko· etengabeko mehatxupean dagoela deitoratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LAB albisteak Bilboko Portua argazkiak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Sindikatuen azken ordukoa UGT azken ordukoa