Ekonomia -

Euroguneko krisiak eraginda

Alemaniako ekonomiak motelaldi indartsua jasango du 2012an

Alemaniako Barne Produktu Gordina % 2,9 haziko da aurten, eta 2012an 5 0,8 baino ez du egingo aurrera, aurreikusitako % 2ko hazkuntzatik oso urruti.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako ekonomiak "motelaldi indartsua jasango du datozen hilabeteetan" eta euroguneak bizi duen krisia dela eta atzeraldira gerturatuko da, hala jaso du Alemaniako ekonomiaren inguruan lurraldeko Institutu garrantzitsuenek kaleratu duten txostenak.

Euroguneko lurraldeek duten zorrak eta bankuen kapitalizazio arazoek eraginda, BPG % 2,9 igoko da 2011n, aurreikusita zegoen % 3,6en azpitik. 2012an, berriz, % 0,8 bakarrik egingo du gora, eta % 2 haziko zela aurreikusi zuten lehen.

Ikerketan parte hartu duten Institutuen aburuz, KPI % 2,3an kokatuko da aurten eta datorren urtean, berriz, % 1,8an.

Alemaniako lan merkatuak ekaitz ekonomikoari aurre egitea lortuko du eta langabe kopurua hiru milioitan mantenduko da, hau da, langabezia tasa % 7koa izango da.

EBZren ohartarazpena

Europako Banku Zentralak "merkatuetan bizi den tentsioaren eraginez" bigarren seihilekoan euroguneko hazkuntzaren erritmoa moteldu daitekeela ohartarazi du.

Europako Banku Zentralak kaleratu duen hilabeteroko txostenean, aurreikuspen ekonomikoak "ziurgabetasunaren" menpe daudela jakinarazi du eta "beheranzko arriskua areagotu egingo dela", erantsi du.

Halaber, epe laburrerako interes tasak "oso baxuak" izaten jarraitzen dutela azaldu du. Europako Banku Zentralak, interes tipoak % 1,5ean mantentzea erabaki zuen lehengo astean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea